Hau da ene etxea
Hau da ene etxea, hau da ene aulkia, hau da ene ohea, hau da ene ondasun guztia. Bakardade eta isiltasun hau da ene jabego bakarra. Mila jostorratz herdoildu aldean, leihorik gabeko begirada, zafrada garratz bat bihotzean, hauxe da nik dudan guztia: hilda nagoela esan dezaket? Amagandik irten nintzen bezala irtengo naiz endregu honetatik. Aterik zabaldu ezin eta -ba dea hilobi hestuagorik?- funtzionarioen begi kliskadek mirilan igartzean bakarrik ohartzen naiz bizirik nagoela.
Joseba Sarrionandia

