Barkaidazue, baina badira herrenak
Barkaidazue, baina badira herrenak diren legeak Badira isiltasuna bizitzera behartzen gaituzten egunsentiak Errazagoa genuke izan ere ez diren herrietan jaiotzea Poema eder batean maitatzea Lurmutur atlantiarrak argitzen hiltzea Baina nekagarria da euria behetik gora ari duela amestea Eta Irlanda urrunegi dago gure seinaleak ikus ditzaten Eta astiro idazten dugu: zugandik nigana dator beti euria Hegazti itsuek habia egin dute zure ohean Abokatuak esan dit ez dagoela besarkada arrotz batekin kontaktuan jartzerakoan urtzen den begirik
Esan dizuet, legeak dira, harakinaren aiztoak bezain kamutsak Ikusi egin behar nauzu, argiagoa da nire ahotsa orain eztarrian hazi zaizkidan sastraken bestaldetik Ausartagoa nire letra Txikia, patera bat poliziaren helikopterotik bezalakoa Euriak gorroto irakurgaitzak daramatza haitzetara Eta gutun bustiak harriak balira bezala jausten dira gure teilatu gainetara
Esan dizuet, errazago genuke izan ere ez diren lekuetan jaiotzea Ozenago egin beharko genuke orru agian, sasiak erre Berba bakarreko pankartarako pintura ekarri Itsas gaineko bide bat bezain ederra Zelaien ederra, muinoen atzekaldean galtzen diren telefono hariak
Beti nahi izan du harriak eskuaren askatasuna Esan dizuet, lege herrenak.
Iñigo Aranbarri

