Azken hondoko tabernan
Azken hondoko tabernan edaten dut Azken ondokoak garela dakienaren soseguaz Suntsituen hezurrak berbatzen diren artean Inperioaren aurka poesia baliatu behar dugula uste duten Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Joanean datorren amorante ukatua naiz Saritzat emandako maitasuna ez da maitasuna Ardo amniotiko batean ostrukatu nahi ez dudalako Poesia gure borroka bera denik uste ez duten Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Preso makilatuak zuhaitza salatzen duen bezala Erakusten du zauriak geziaren gramatika Baina sakrifizioak ez du Jainkoa frogatzen Martiri batzuk beren fedea baino ederragoak direla uste duten Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Autokritika eskatzen dut ez oinazearen mistika bat Ahularen kemenak urrikia sor badezake ere Jokamolde duin baten ordain datza erdi bi egina bou zaharra Munduak gu ez maitatzeko eskubidea duela uste duten Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Ez iezadazue galde nola iritsi nintzen hona Haginka utzi ninduten liburuek haragirik gabe Odolaz idatzi behar nuen azken esaldi hura asmatu baino lehen Geure buruaz besterik ezin dugula uste duten Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Nire antzeko inozoak bilatzen ditut Azken ondotik lehentasun berri bat sortuta Uhin egin ahal izateko errealitatera Poesiak bakarrik salba dezake Berlin Berlinek bakarrik salba nazake ni
Koldo Izagirre

