Arratseko galderak
Untzi alemanak bihotzak bezalako ikatz kozkorrak atera ditu sabeletik Baina orain hutsik daude moilak Fabrikak ez dira herri abandonatuak baino Hondoa jotako bapore irauliak ondorik gabeko ibai ugertuan Mehe du itzultzeko esperantza, eta luzaroan egoten da begira
Badaki etxera itzuli beharko duena ilundu orduko Telebista biztuta egongo da, afaria gertu Eta autobusak gero eta bakanago igaroko dira leihopetik
Aurreko etxeetako argiek heldu ziren gaua gogorarazten diote Orduan etxea ere berriagoa zen,
Berandu da, baina badaki gaur ere erasoko diona Horrela izan da beti: gauez eta aurrez abisatu gabe lotu izan du Baina itzultzekotan, nora itzuli? Eta zertarako? Han utzi zuen herria zer da haurtzaroko argazki piloa baino memoriaren hondoan? Hildako senitartekoak, betirako galdutako lagunak Zergatik etorri zen hona eta ez beste leku batera? Nora baina? Alaba ikusten du, antzeko galderak egiten Venezuelako etxean polizia patruila bat atean duela Orain gauak bezain estu estekatzen duen etxea beste nonbaiten egonda ere Antzekoa izango zuela pentsatzen du. Arrotza eta beste guztien antzekoa.
Berdin itxaron beharko zion zahartzoari beste hiri arrotz batean Bapore alemanak ez, baina fabrika hutsak ere han egongo ziren Semaforoak kinuka etorbide hutsetan Eta tartean-tartean abiadan pasatzen den auto bat Edo poliziaren argi urdinen urduria Edo anbulantzia baten ulu gorria norbait hiltzera eramaten
Gaurkoa bezalakoxe gau eder batean heldu zen Eta itzultzea dena hemen uztea da Etxea, etorbide hutsak eta arratsero ikusi gogo dituen bapore alemanak Bihotzak bezalako ikatz kozkorrak ateratzen sabeletik
Iñigo Aranbarri

