Aipatu nahi ez ditugun
Aipatu nahi ez ditugun gaiei buruz hitz egitea da, iristerik nahiko ez genukeen ordu bat, iristerik nahiko ez genukeen leku bat, zu gabe naizen minutu bakoitzeko urtebete zaharragoa naiz. Mendate asko itxita daude, elurra urtuko du eta ibaiak herri oso bat eramango du lo hartzen dugunean. Bihar, ez daudenei buruz hitz egingo dugu, eta ohe busti bat bezala zabalduko da nire bihotza. Aipa dezagun gai minbera hori, profita dezagun orain gai itsusi hori eztabaidatzeko, mendian behera astiro datoz autoak kurpil arrastoei segika. Mintza gaitezen maitasunaren azkentzeaz elurbustiari. Ez da bisutsa, ez da izotza hitz egitea galarazten digun indarra, premiazko desamodioa izan daiteke gurea, tristura eredugarri bat, egizu kontu bat-batean hustu egiten direla bihotzak, hiriak, zelaiak... Gatz larria bota dute kaminoetan, den-dena ez dago galdua oraindik: istripuakak aipatu ditu irratiak, gas leherketa bat, eguraldiaren hobetzea. Mintza gaitezen leialtasunaren deserosotasun hilgarriaz. Mendateak zabaltzera doaz elurra kentzeko makinak, joan badoan mundu bat dago mendiostean, joan badoan mundu bat.
Jose Luis Otamendi

