Hemen zaude: Hasiera Liburuak Ikuskizunak Bar puerto Urtarrilak 3 Asteazkena

Urtarrilak 3 Asteazkena

Denborak ez du beti neurri bera izaten. Badira bestelako denbora neurriak eta goiz batean ohetik jeiki eta bat-batean konturatzen gara egun bat ez, hamar urte igaro direla eta ez dugula, bart bezala bizitza osoa aurretik ikusten. Bart amest egin dut. Zabortegi handi batekin. Zulo handi batean zegoen. Gutxi gora-behera, bi kilometroko luzera eta ehundaka metroko sakonera zuen zulo hark. Autoak eta baita etxe osoak ere sartzen ziren bertan. Zuloaren sakonean garbiune bat zegoen. Etxe bat. Etxeko leihoan argia. Barruan ume bat. Harengana hurbildu naiz. Ezaguna egin zait aurpegia. Zu zinen. Bista urrundu dut etxetik. Gero, zuloa gainetik ikusi dut txori baten ikuspegiarekin. Biribil beltz bat zen zabortegia. Asaldatuta konturatu naiz biribil hori nire zilborra zela. Denborak ez du beti neurri bera izaten. Batzuetan bizitza goitik behera aldatzen da, bizitzak ez du atzo bezalakoa izaten jarraitzen. Halako zerbait gertatu zitzaion Marianen belaunaldiari. Gran Soleko olatu handiek arrantzontzia zurgatu egiten dute eta segundu batzuetara itzuli. Hori suerte ona bada. Halako olatu handi batek eraman zuen Marianen belaunaldia. HIESak. Asko eta asko ez zituen itzuli.

MARIANEN KONTAKIZUNA

Herriarekin bat egiten ez zuen taldea zen gurea. Herriko jendearen pentsaera oso bestelakoa zen, arrunta. Baina orduan hasi ziren gauza berriak heltzen, telebista orduan hasi zen adibidez eta gu hasi ginen eragin berriak jasotzen, beste jende batenena, beste musika batena: Rolling Stones, Jimmy Hendrix... Garai hippya zen hura eta kultura horrek suposatzen zuen guztia hasi ginen gu egiten. Denarekin apurtu nahi genuen, sexuari dagokionez ere beste pentsamendu bat genuen... Bizitza ikusteko modua ez zen herri txiki batekoa eta jendeak ez gintuen onartzen. Extralurtarrak ginen. Orain pentsaera horiek guztiak zabalduago daude, onartuago, baina orduan ez. Nahiko gogorra zen, jendeak ez zizun aurpegira begiratu ere egiten. Drogak hartzen hasi ginen, bizitza beste modu batera ikusten. Bizitza jan nahi genuen baina bizitzak jan gintuen gu.

***

Batu-batua zegoen taldea zen gurea zeren gizarteak ez gintuen onartzen. Baztertuta geunden edo behintzat hala sentitzen nintzen ni, maila guztietan. Une goxoak izan ziren lehenengoak, droga ona da hasieran, ondo sentitzen zara. Gero, menpera erortzen zarenean eta mundu beltz hartan sartzen, orduantxe da gogorra. Eta kasik denok lagatzea erabaki genuenean, mundu hori albo batera lagatzen hasi ginenean heldu zen HIESarena. HIESa heldu eta geroko urte horiek katastrofikoak izan ziren. Zure lagun guztiak desagertzen ikusten dituzu, hiltzen. Hori gu.

***
Asko kostatu zitzaidan herrira itzultzea. Patriarkan egon nintzen azken aldian lau urte eta gero atera nintzen. Handik Bilbora joan nintzen lanera. Hiri handi batean nengoen, nire borroka handi hartatik, heroinatik, atera nahian. Zentro batean babestuta zaude baina kalean ez, pelikula bera daukazu kalean. Asko kostatu zitzaidan hortik ateratzea. Egun batean, ohetik altxatu eta pentsatu nuen: Marian, merezi du horrela egotea hiri batean, lanik ezin aurkitu, pisua ezin ordaindu? Herrian dena daukazu: familia, lagunak, etxea... Erabaki, gauza guztiak hartu eta itzuli egin nintzen. Sekula ez nuen pentsatuko nire herrian horren gustura egongo nintzenik.
BISITA

Heroina larrua jotzea bezain gozoa zela esaten zuen, garai batean.

Medikuek esaten dute okerrera ez duela egin, eguna joan eta eguna etorri, eta lasai hartzeko. Hilabetea da berriro esnatu ez dela azken ebakuntzaz geroztik.

Hala ere, egunero egiten diogu bisita Arreta Intentsiboko Unitateko seigarren boxera. Aurreko oheko gaisoa negar batean aurkitu dugu gaur, Inor ez zaiola bisitara agertu diotso erizainari.

Hilabetea arrebaren hitzik entzun ez dugula. Ez dut lehen bezala bizitza osoa aurretik ikusten, esaten zigun, ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi, maitasun keinu bat besterik ez.

Amak eta biok egiten diogu hitz soilik orain Anaiak lehen gauza handirik esaten ez bazion ere, orain agertu ere ez da egiten. Aita atean geratzen da, isilik.

Ez dut gauez lorik egiten, esaten zigun arrebak, beldur diot loak hartzeari, beldur amesgaiztoei. Orratzek min egiten didate eta hotz naiz, hotza zabaltzen dit sueroak zainetan zehar.

Gorputz ustel honi ihes egingo banio.

Bitartean heldu eskutik, eskatzen zigun, ez dut promesarik nahi, ez dut damurik nahi, maitasun keinu bat besterik ez.