Abenduak 29 Ostirala
Etxeko gauzak kaxetan sartzen hasi gara. Gelako liburuak biltzen ari nintzela Michel Iriarten bat aurkitu dut. Ekin argitaletxearen aspaldiko edizioa. Euskal kortsario eta kolonizatzaileak. Bertan Pelloten ibilerak datoz. Pellot: kortsario hendaiarra. Hemeretzi urterekin Islandian izan zen. Hogeita batekin zortzi kanoiko kortsario-ontzi baten buru. Tripulazioan berrogeita lau marinel eta musikari bakarra, asper ez zitezen. Preso askotan izanagatik gehiagotan abordatu zituen ontzi ingelesak Pellotek, amarru eta trikimailuen bitartez. "I’m Pellot" oihukatzen zien ingelesei. Atxilotu eta Ryeko fortera eraman zuten azkenerako. Ez zegoen amaren semerik ez eta alabarik handik ihes egingo zuenik. Pellotek bufoiarena egin eta dibertitu egiten zituen hala presoak nola zaindariak ere. Egun batean, zer edo zer barregarri antzezteko eskatu diote. Generalaren jantzia eskatu du berak. Mozkorrik lo geratu den almirantearena eman diote. Jantzi hori soinean lasai asko atera da Pellot ordurarte inork ihes egin ez zuen forte hartatik. Elirekin egon gara gero. Eli kartzelan jaio zen gerra bukatu orduko. Aita ihesi zuen eta ama eraman zuten kartzelara herriko beste hainbat emakumerekin batera.
ELIREN KONTAKIZUNA
Gure amak berbaroa somatzen zuen ohetik. Altxatu, atea isil-isilik zabaldu eta entzun zuen: "Badiotsut emakume hauek eraman egin behar dituzu. Emakume horiek legez kanpoko batzarra dute." Ama ikaratu egin zen eta tapa-tapa entzun zuen goruntz zetozela. Ateak zabaldu eta den-denak eraman zituzten. Bidean, salatari bat eta haren ahizpa balkoitik aritu ziren oihuka: "Horiek, horiek kartzelara ez, hormara!. Eta zubian banatu zituzten. Gure ama herriko kartzelara eraman zuten eta beste emakumeak Ondarretakora. Ama haurdun zegoen. Bazegoen herrian mediku bat, Don Sabin, aitaren laguna zena. Haren bitartez kartzelatik gurutze gorrira atera zuten ama. Hantxe egon zen bi guardiarekin. Etorri zen eguna eta hantxe jaio nintzen ni.

