Hemen zaude: Hasiera Liburuak Ikuskizunak Apoaren edertasuna Zapatapean

Zapatapean

Ederra eta Piztiaren Solasa

Heure buruaz lotsa zatar ez bestea Arin ezkutatzen haiz parte gaiztokoa Somatzen baldin baduk inoren pausoa Gorrotagarria zaik ilargi betea

Beldurtu egin nauzu aitorten dut zinez Harri baten azpian gorderik ardura Edo baldarki jausiz edozein putzura Hanka egin behar dut zu maita ezinez

Apo, apo, Isilik hago! Kondearen alaba Lotan baitago.

Inoren begirako egina ez hago Bizkarra likin eta eztarria lakar Ez duk harritzekoa bizitzea bakar Zein erruren ordainez sortu hintzen apo?

Nire itxura ez da ezeren zigorra Nazka eman badizu nik daukadan antzak Liluratuko zaitu ene kantu latzak Ni naiz basatzetako ai urretxindorra

Apo, apo, Isilik hago! Kantari ematen duk Itsusiago.

Hire kli-klu harroak ez zirudik hitza Baizik deabruaren herrenaren hotsa Hartzen baldin badiat eskuan bostortza Bertan isilduko haut bufo vulgarisa

Nik daukadan malura nork dezake osa? Bide bazter batean nindutela jaurti Taupaka hasi nintzen gauaren beldurti: Ni ez nauzu apoa ni nauzu bihotza

Apo, apo Isilik hago! Ene zapatapean... Isilik hago!

Apo, apo Isilik hago! Ene zapatapean... Hi hilik hago!