Hemen zaude: Hasiera Liburuak Ikuskizunak Apoaren edertasuna Loiolako porrusalda

Loiolako porrusalda

Azpeitiko mutila Inazio donea Zenbait atso gazteri Jasoa gonea Ai zer gonorrea Inazio donea

Herriaren lepotik Mila marabedi Loiolatarren kasta Madarika bedi Besteren izerdi Mila marabedi

Oiñaztarren mutila Han aurrean doa Gaztelaren pausoan Oina ta zangoa Ederra zapoa Han aurrean doa

Iruñan hartu zuen Zangoko herrena Nafarroa salduta Etsaia barrena Ez du okerrena Zangoko herrena

Begira nola doan Aldarera herren Apostoluetatik Jarria da hurren Ifernuko Txerren Aldarera herren

Orduan sortu zuen Jaunaren armada Munduko gerra zikin Guztien ama da Inon beltzik bada Jaunaren armada

Jainkoaren aldeko Beso armatua Dolarrak aspaldian Ongi xarmatua Ustel xamartua Beso armatua

Loiolan ageri da Eder basilika Zeruko zergazainek Sakela kilika Kristo zintzilika Eder basilika

Hizketa leuna du Kristoren morroiak Sotana beltza baina Zuriak sermoiak Loiolan zer lohiak Kristoren morroiak

Urolako lohietan Kli-klu kli-klu kli-klu Horra santu batenak Gaur zenbait meritu Inaziok baditu Beste hainbat kli-klu