2006-11-15
Gure kulturan barna dabil Jeronimo Martin Trío estreinako diskoan
Badira urte batzuk Euskal Herrian sortutako jazzak behar duen tokia eskaintzen duela Errabal-ek. Miren Aranburu, Sant Pau 44, Jon Urrutia, Asstrio, Teresa Zabalza, Sumrra edo Victor de Diego dira zigiluan topa daitezkeen izenetako batzuk. Azkena Jeronimo Martin Trío dugu, Jeronimo Martin piano jotzaileak, Hasier Oleaga bateria jotzaileak eta Javier Mayor kontrabaxu jotzaileak osatutako hirukotea. Gaur goizean aurkeztu dute Piedraescrita, musika klasiko, folk edo flamenkoa bezalako iturrietatik edaten duen diskoa.
Taldeak Musikene Kontserbatorioan du sorburua. Hirukotearen kideak musika afinitateengatik elkarrengana hurbildu eta ideia poliki joan zen mamitzen. “Proiektua ez zen disko bat grabatzeko asmoarekin sortu, modu naturalean baizik, gauzak gertatzen diren moduan. Elkarrenganako sintonia antzeman eta formatu horretan saiatzea erabaki genuen. Hala Javier Mayorrek nola Hasier Oleagak ikaragarri lagundu didate nire konposizioak aurrera ateratzen. Asko zor diet, batez ere Hasierri” adierazi digu Jeronimo Martinek. Jose Felix Azkarate Xarra Errabal zigiluaren arduradunaren ustetan, Piedraescrita diskoan musika norbanakoaren lanaren gainetik dago: guztizkoak beti ere gainditzen du zatien batura. Ez dago zalantzarako tarterik, zalantzak, zalantzak asmatzeko planteatzea baino ez, ez baitago aurkitzerik bilatu gabe. Taldean oreka da nagusi. Jeronimok ematen dio izena taldeari, baina beste kide bien presentzia izugarri inportantea da. Errabalek antolatutako Debajazz Lehiaketaren iazko edizioan ezagutu zuten elkar zigiluaren arduradunek eta Jeronimo Martinek. Harako hartan hartu zuten diskoetxean proiektu honetan sartzeko erabakia. Euren ustez, Jeronimoren jazza ez da erraza sailkatzen. Are gehiago, jazza baino gehiago, ondo egindako musika da, musika optimista inondik ere. Edozein kasutan, kalitatezko diskoa kalitatezko musikariek egina.
Gaur aurkeztutako disko honetan Jeronimo Martinek azken urteotan sortutako musikaren hautaketa topatuko dugu. Musikari dagokionez, inprobisazioaren bidez, eguneroko lanaren bidez, kantak sortzen dira. Eta diskoan azken urteotako kantak ageri dira. Oso musika pertsonala da. Lagun batek esan berri dit autore jazza egiten dudala. Ez dakit, nik neuk ez dakit oso ondo non kokatu nire musika. Argi dut ez dudala estilorik fusionatu nahi, baizik eta hainbat estilo biltzen dituen guneak aurkitu, eta nirea dena gune horietan adierazi azaldu du Jeronimo Martinek. Era berean, musikariak aitortu du jazz europarretik dutela gehienbat bere konposizioek, inprobisatutako musikatik, eta ez jazz afroamerikanotik. Nire inguruko elementuekin identifikatzen naiz batez ere, musika klasikoarekin, poparekin, flamenkoarekin.
Bihar Arriola Antzokian zuzenean aurkeztuko den diskoa Gironako Alquavivako 44.1 estudioan grabatu zuten egun bakar batean, “zuzeneko ideiatik gertu” egoteko. Pieza guztiak Jeronimo Martinek berak konposatutakoak dira hiru izan ezik: Neopussy, Debussy-ren hari laukotearen soinu batean oinarrituta, ¡Arriba el tono!, Miles Davis-en Tune-upen oinarrituta eta Homenaje a un fandago extremeño, Extremadurako herrikoia.
|