Udan ohikoak dira Euskal Herrian jazz eta blues jaialdiak; orain, ordea, urte osoan izango dira kontzertuak
Uztaila da, aspalditik, jazzarentzako ezinbesteko garaia Euskal Herrian. Izan ere, Gasteiz, Donostia eta Getxoko jaialdiak sonatuak bezain arrakastatsuak izaten dira. Horiek aintzat hartuta, ezin esan genezake jazz eta blues doinuak arrotzak zaizkigunik, baina askotan ematen du horiek udatik kanpo lekurik ez duten musika joerak direla. Egoera hori irauli eta zaleen atseginerako, Errabal jazz elkarteak zirkuitu egonkorra ezartzeko egitasmoa abiatu berri du. Oraingoz, Bizkaiko hiru herritan gauzatuko da: Leioan, Basaurin eta Amorebieta-Etxanon.
Udako jaialdi handietatik aparte jazz eta blues kontzertuak modu jarraituan eskaintzea da helburua; benetako zirkuitua sortzea. Musika joera hauek gustuko dituztenek ez ezik, profesionalek ere aukera paregabea izango dute beren lana plazaratzeko. Aurreikusi dutenez, kontzertuak urritik apirilera bitartean egingo dituzte, eta hilero talde bat arituko da zirkuitua osatzen duten herrietako agertoki jakin batzuetan. Basaurin, Arizko Dorretxean izango dira emanaldiak; Amorebieta-Etxanon, berriz, Zelaieta zentroan izango dira, eta, azkenik, Leioan, Kultur Aretoaren ondoko Cafe Ambigu atondu dute, jazz doinuetarako giro berezia sortzeko asmoz.
Habanatik Bilbora. Zirkuituak puntako musikariak izan zituen iragan astean. Estreinako kontzertua Daniel Amatek eta La Esquina Calientek eman zuten. Amatek Kubako musika egiten dutenen artean diskorik onenaren saria lortu zuen iazko Habanako jaialdian, eta egun, Bilbon bizi da. Javi Alzola, Julio Andrade eta Blas Fernandez musikariekin batera taldea osatu du. Kepa Junkera, Fito & Fitipaldis eta Mikel Urdangarinekin aritutakoak, besteak beste.
Otsailari eta martxoari begira, kalitateko eskaintzari eutsiko dio zirkuituak, The Graham Foster Trio eta Four Friends taldeak ariko baitira. Graham Fosterren gitarratik askotariko doinuak jaiotzen dira oholtza gainean aritzen denean, baina bere burua bluesean kokatzen du, "adimenaren egoera" baita bluesa harentzat. Hiru hamarkada baino gehiago agertokian ibili ondoren, inork ezin dio ukatu country eta rhythm & blues erritmoak sortzeko agertzen duen maisutasuna.
Martxoan talde bilbotar batek joko du Leioa, Amorebieta-Etxano eta Basauriko agertokietan: Four Friendsek. Izenez kanpotarrak iruditu arren, laukotea Bizkaiko hiriburuan sortu zuten 1999an, Deustuko Mr. Jam Musika zentroan. Iñaki Iraetak, Jorge Gomezek, Eneka Albizuk eta Fernando Iraetak osatzen dute. Kontzertuetan, gainera, Carlos Joverren harmonika dute lagun. Taldeak Bilbop diskoa kaleratu zuen 2003an, Gaztelupeko Hotsaken zigilupean, jazz, blues, pop eta rock doinuak uztartzen zituen lana.
Errabal jazz elkartea. Gaztelupeko Hotsak disketxearen baitan jazza eta bluesa lantzen dituzten taldeen diskoak kaleratzen ditu Errabal jazz elkarteak, eta horregatik ezagutzen dugu gehienbat. Besteak beste, Asstrio, Miren Aranburu Ensemble, Jon Urrutia eta Teresa Zabalzaren lanak plazaratu dituzte orain arte. Horrez gain, baina, Euskal Herriko jazzaren sustatzailerik garrantzitsuenetarikoa dugu elkartea. Debajazz jaialdia eta izen bereko Talde Berrien lehiaketaren antolakuntza ere haiei zor dizkiegu. Ekimen berri honetan ere eurak izan dira bultzatzaile nagusietakoak. MATRAKAk zenbait galdera egin dizkio elkarteko kide bati..
|