Mathilde maitatzeko moduak Donostiako estreinaldietan
GARA | BILBO
Literatura eta musika uztartzen dituen ikuskizun berria jarri dute abian oraintsu Txuma Murugarren musikariak eta Julen Gabiria idazleak Erakusleihoa egitasmoaren barruan.
Aski ezagunak ditugu dagoeneko Gabiria eta Murugarren inguruotan. Galdakoztarrak Han goitik itxasoa ikusten da atsegina du azken eleberria (Elkar, 2004) eta makina bat egitasmotan hartu du parte, bertsolariekin kasu. Murugarrenek, bestalde, aurki plazaratuko du bakarkako bosgarren lana eta blogari eta zutabegile legez ere egin du liburugintzan debuta, Larrialdietarako irteera Paper Hotsaken argitaratuz.
Mathilde Maitatzeko Moduak ikuskizunean istoriotxo bat kontatuko digu bikote betaurrekodunak, orain testuak irakurriz, gero kantuz. Julenen irakurketek kontatzen ez dituztenak Txumak abestuko dizkigu hamar kantutan, elkar osatuz. Laguntzaile gisa, Rafa Aceves teklatuetan eta Natxo Beltran baterian.
|