AGOTEN BIZI-POZA
MATTIN MARRAZKILARIAK jantzi du txukalda, morau ta AGOTAK taldearen disko berria
MIKEL LIZARRALDE - DONOSTIA
Bere ibilbideko «diskorik kontzienteena» grabatu duela dio Andoni Tolosa Morauk; «gaizki dago nik esatea, baina landuena eta biribilena».
Txukalda (Gaztelupeko Hotsak) Hernaniko kantariaren laugarren diskoak Morau (1997), Kantu galduak (1998) EP akustikoa eta Amodio domestikoak (2000) kaleratu zituen aurretik, guztiak Soraluzeko disketxearen eskutik Morauren nortasunaren zeinuak gordetzen ditu, melodia argiak eta ironia fina, besteak beste. Baina diskoa sortzeko eta osatzeko moduak bestelako ezaugarriak ere gehitu dizkio azken emaitzari. Izan ere, talde lana da Txukalda, eta Morauren izenari Agotak hirukotearena Beñardo Goietxe gitarrista, Jexus Agirresarobe baxu jotzailea eta Igor Mendia bateria jotzailea atxikita agertzeak esanahi handia du: «Morauren lehenengo talde lana da, Xabier Leteren Haizea dator izan ezik gainerako kantuak nireak izan arren, horiek entsegu lokalean ondu baititugu taldean. Lan horrek ondorioak izan ditu, ez bakarrik diskoan, Agotak taldean ere bai». Amodio domestikoak diskoaren zuzeneko aurkezpenak egiteko sortutako banda, «berezko nortasuna duen taldea eta azken diskoaren arduradun nagusia» bihurtu dela dio Morauk.Disko «sinple eta zuzena» egitea izan zen hasieratik Morau ta Agotak-en helburu nagusia, eta asmo horrekin sartu ziren azaro-abenduan Zarauzko Noizbehinka estudiora. «Lasai eta presarik gabe egin dugu lan, eta nahi genuen soinua lortu dugula esango nuke, distortsio eta efektu handirik gabekoa». Agirresarobe arduratu da ekoizpenaz, eta Goietxerenak dira, berriz, bigarren ahots landuak eta gitarra moldaketa irudimendentsuak. «Kantu gehienek hartu duten norabidean oso garrantzitsua izan da Beñardoren ekarpena», azaldu du Morauk. Lan horren emaitza dira Txukalda-ri darion kohesioa eta kolore ugaritasuna. Taldean lan egin izanak batasuna eman dio soinuari, baina prozesu horretan, kantuek ez dute galdu bide ezberdinetan arakatzeko gogoa. Amerikar kutsuko rockak (Atzerritarrak), popak (Egunero) eta melodia intimistek (Igerilaria) lekua dute Txukalda-n.Ia lau urte igaro dira Amodio domestikoak azaldu zenetik; Morauk kantuak egiten eta taldea osatzen igaro duen denbora: «Nik poliki konposatzen dut, eta, gainera, taldeak heltze prozesu bat izan du. Taldean lan egitea oso ezberdina da, bakoitzaren ekarpenak biltzea intentsitate handiko lana delako. Disko honetako kantuak, adibidez, etengabe lantzen aritu gara azken bi urteotan, horietako bakoitzari ahalik eta etekin handiena atera nahian». Lau taldekideen artean landu dituzten kantuak, baina Jabier Muguruzaren (eskusoinua), Totoren (dobroa), Pettiren (gitarra) eta Iñigo Telletxearen (tronpeta) laguntza ere izan dute grabazioan.
Ez Dok Amairuren ondarea
Amodio domestikoak lanean Mikel Laboaren Martxa baten lehen notak eta Hamalau heriotzak herri kantarekin egin bezala, lan berrian euskal kantu ezagun bat berreskuratu nahi izan du Morauk: Xabier Leteren Haizea dator. «Asko markatu nauten kantuak dira», dio abeslariak, baina horretaz gain, kantu horietara jotzeko erabakiaren atzean, Ez Dok Amairuren errebindikazio bat ere badagoela gaineratu du: «Are gehiago disko honetan, Xabier Leteren kantuaren bertsio oso gordina egin dugulako, orduko gordintasuna berreskuratu nahian».
Txukalda-n ez dira falta Morauren lanaren ardatz diren hitz ironiko, umoretsu, sentimental eta gazi-gozoak: «Hitz sinple eta naif-ak dira. Eta pop kantuen aldarrikapen bat ere badago. horietan».
Mattinen ilustrazio lana
Gidoi bat film baten oinarria den bezala, Txukalda-ren hitz eta musikak CDaren liburuxkan bildu dituzten Iñaki Martiarena Mattin-en ilustrazioen abiapuntu dira. Marrazkilariak eta Morauk aspalditik ezagutzen dute elkar, baina Bokarta komikia, Argia aldizkariak argitaratzen zuena, egin zutenetik ez zuten elkarrekin lan egiten. Oraingoan, «kantuei darien bizi-pozari grafismo garbi eta atsegin baten bitartez» erantzun die Mattinek.
Marrazkilariak umorez eta abeslariarekiko gertutasunez azaldu du Txukalda ilustratzeko egin duen lana: «Ohore handia da niretzat Morauren doinuak tinta eta pintzelaz janztea eta komikiratzea. Komikia eta musika uztartzea ez da berria. Gogora datorkit Robert Crumbek Big Brother & The Holding Company taldearentzat marraztutako kaiera, Janis Joplin tartean zela. Jakina, ni ez naiz Robert Crumb eta Morau ez da Janis Joplin, baina emaitza diskoa bezain biribila dela deritzot». Morau ta Agotak-ek gaur bertan egingo du diskoaren lehenengo zuzeneko aurkezpena. Josh Rouse abeslari estatubatuarraren kontzertua irekiko du Oñatiko gaztelekuan.
© Berria.info
|