|
|
| Commentaire |
 |
| Topa kalabera |
 |
Commentaire
|
MAL DE OJO : Topa kalabera
- urtea zen Adrian Perez donostiarrak —80ko hamarkadan Mogollon taldean aritutakoa— poparen eta rockaren bideak utzi eta doinu ijitoekin lanean hastea erabaki zuenean. Hamar urte igarota, taldeak bere lekua eskuratu du, baita zirkuitu alternatibotik atera ere, nahiz eta Adrian bera den hamar urte hauetan taldean tinko iraun duen lagun bakarra.
Euskal Herrian erritmo gogorrak eta rockeroak nagusi izan diren garaietan, Mal de Ojok freskotasuna eta bestelako bide bat ekarri zituen eszenara, eta nolabaiteko ezustea ere bai, ez baitzen oso ohikoa euskal talde bat rumbak abesten entzutea. Ordutik hona, gainera, bidea egin du Mal de Ojok, eta hasiera batean kantu gehientsuenak gaztelaniaz abesten zituzten arren, denborarekin euskarak ere bere lekua hartu du kantuetan, eta azken denboran diskotik diskoara euskaraz diren kantu kopurua haunditzen joan da modu naturalean. Talde bera ere euskaldundu egin da, taldekideak aldatzen joan diren heinean euskara komunikazio tresna bihurtu da eta horrek musikan ere eragin du. bere sustraiei batere uko egin gabe kantu gehienak euskaldunak dira disko berri honetan.
Topa Kalabera, taldearen zazpigarren emaitza diskografikoa da, aurreko bostak autoekoizpenak izan ziren eta Mestijaiaren ondoren bidean jasotako esperientzia nabaria da hamabi kantu berri hauetan. Topa egiten diote bizitzari kalabera hauek asteburuko ipuinak gogoratuz, bikote harremanetaz hitz eginez eta ametsak eta lagunak pasatzen dira kantuetatik modu naturalean.
Grabatzerako orduan Juanjo Otxandorena (Pepe), aspaldiko musikari laguna izan dute ondoan ekoizpen lanetan. Eta lan fina egin du eurekin. Andoaingo Garate estudioan grabatu zuten udan eta Kaki Arkarazok ere berarena ekarri zuen. Gitarra elektrikoak bere apaindurak egiten dituela, teklatuak eta perkusioekin batera, haize instrumentuak sartu dituzte. Dena Adrianen ahots eta gitarra flamenkoaren gainean eraikita. Horrela, rumba dago kantuetan, boleroa entzun daiteke, soinu latinoak ez dituzte alboratu... popari ere keinuren bat eginez. Azken finean iturri askotatik edan izan dute. Baina, lasai, ez dute horregatik hasitako bidetik aldendu.
Gaur egun Aitor Atxega baxua jotzaileak, Rafa Zaragueta bateria jotzaileak, Ander San Jose perkusio jotzaileak, eta Jon Mari Beasain gitarristak osatzen dute taldea Adrianekin batera eta zuzenekoetan, Joseba Loinaz aritzen da teklatuetan. Eta edozein momentutan egiten dute TOPA. Pozik egon daitezke Peret eta Gato Perez Euskal Herrian dituzten kide hauekin
|
|
|