Esteban Urkiaga 'Lauaxeta'-ren zenbait testu musikatu, eta Ehungarrenean hamaika diskoa egin dute Euskal Herriko 11 musikarik
IRUNE BERRO - BILBO
Omenaldi ugari egin zaizkio aurton Esteban Urkiaga Lauaxeta-ri (Laukiz, 1905-Gasteiz, 1937). Jardunaldiak, antzerki obrak, erakusketak, bestelako ekitaldiak... Baina disko bat falta zen. Haren testuak oinarri hartuta, euskal musikariek eginiko lana falta zen. Horretaz jabetuta ekin zion lanari Rafa Ruedak, eta egungo euskal musikaren goi zerrenda osatzen duten hamar musikariren laguntzarekin Gari, Xabier Montoia, Francis Diez, Txuma Murugarren, Anje Duhalde, Petti, Eñaut Elorrieta, Jabier Muguruza, Mikel Urdangarin eta Xabi Strubell, Lauaxetaren jaiotzaren mendeurrenaren ospakizun ekimenen artean nabarmena zen hutsunea bete du. Ehungarrenean hamaika diskoa osatu dute denen artean. Gaztelupeko Hotsak disketxeak kaleratu du, Mungiako (Bizkaia) Udalaren laguntzarekin.
Ezbairik gabe, diskoak gorazarre egiten dio Lauaxetari. Alta, musika lan horren helburua ez dela poeta bizkaitarra omentzea argitu du Ruedak, egitasmoaren ekoizle artistikoak. «Lauaxeta interpretatu nahi izan dugu. Lauaxeta geuregana ekarri dugu, geure estetikara, geure belaunaldiko jendearen gertuko egiteko asmoz». Kantu bihurtu dituzten testuak musikariek aukeratu dituzte. Nork berea, libreki. Bakoitzak melodia jarri dio hautatutako poemari, baina Ruedak eta haren bandak egin dute musika, hots, David Gonzalez baxu jotzaileak, Rufo Urbina bateria jotzaileak, Mikel Azpiroz teklistak eta Asier Ituarte tronboi jotzaileak. Musikari bakoitzak bere estiloa du, eta era honetako bildumetan gerta daiteke abesti batetik bestera lotura eza sumatzea; hau da, gerta liteke beste disko bat entzuten ari garela iruditzea. Horregatik erabaki genuen abesti guztien musika jende berberak egitea. Batasuna ziurtatu nahi genuen, azaldu du Ruedak. Hala, testuak Lauaxetarenak dira guztiak; melodiak eta ahotsak diskoan parte hartu duten 11 musikarienak, eta abestien doinuak, Ruedaren bandarenak. Ruedaren hitzetan, «pop kutsua» darion diskoa egin dute, «batzuetan folkiagoa, eta besteetan, rockeroagoa». Lauaxetaren testuak musikatzea «erronka handia» izan dela dio Ruedak. Antton Valverdek haren poemekin egindako diskoa atera zuenetik ez da beste ezer egin. Eten handia egon da, besteak beste, esan delako Lauaxetak hizkera ulergaitza erabili zuela». Egin duten lanak aurreiritzi horiek uxatzeko balio dezakeela uste du Ruedak. «Naturaltasun handiz entzuten dira kantuak. Hizkera ez da batere arrotza». Are gehiago, hitz batzuengatik ez balitz, egungo poeta baten obrak emango lukete, haren esanetan.
Diskotik abiatuta, ikuskizuna Hamaika Lauaxeta posibleren artean, Lauaxeta bakarra dagoela diskoan azaldu du Edorta Jimenez idazleak. Berak idatzi du Ehungarrenean hamaika ikuskizuna, 11 musikariek eta Argia Gardeazabal aktoreak eskainiko dutena. Poema epikoak, carpe diem mezua dutenak eta maitasunezkoak interpretatuko dituzte. «Diskoa baino zerbait gehiago eskainiko du. Gardeazabal Lauaxetaren testuetan azaltzen ez den emakumea izango da. Eta kantuak entzunda, gogoetak plazaratuko ditu». Mungian emango dute etzi.
|