BERRIA 03-08-29
GORKA EROSTARBE

BERTSO eta koplak dituzte osagai nagusi. munduko hainbat erritmo eta doinurekin (tango, flamenko, musika arabiar ...) uztartuz eskaintzen dituzte, "orkestratxo zoro" baten tankeran; disko berria kaleratzear dute eta gaur olaberrian izango dira
EZ DU behinolako benta baten itxurarik. Ez ditu biltzen garai bateko bentetako pertsonaiak –nahiz eta beti gogoan dituzten–. Baina, zenbait gauetan benta haietan sortzen zen giroa sor dezake oraingo benta zaharberritu honek ere. Ibiltaria eta doinuz betea, Karidadeko Benta du grazia; sei lagunez osaturiko musika talde definigaitza. Izen bereko diskoa grabatu zuten iragan uztailean (Gaztelupeko Hotsak), eta udazkena heldu artean argitara aterako ez den arren, gaur egingo dute aurre estreinaldi moduko bat Olaberriako (Gipuzkoa) plazan, gaueko 00:00etan. Bihar, aldiz, Lesakako Zazpi-Berri tabernan ariko dira iluntze partean.
Iñaxio Tolosa (haize instrumentuak), Jon Mantzisidor (baxua), Imanol Manterola (perkusioa), Arantxa Santamaria (ahotsa), Domentx Uzin (helikoia, bibolina) eta Jon Maia (ahotsa) dira taldeko sei kideak. Zumaiako bertsolaria da, hain zuzen ere, kantu gehienetako letren egilea. "Letra asko bertso formatu edo moldean eginak daude. Eta zenbait, bertso doinuak dira. Baina, gehienak beste erritmo edo doinu batzutara eramanak daude. Beste erritmo batzurekin nahastuak daude. Adibidez, abesti bat bertsoz osaturik dago, baina, Marokoko kantu herrikoi baten doinutan emana dago. Lapurdiko kopla zahar batzuk Iraneko doinu batean abesturik daude, eta abar. Emaitza oso berezia da eta ez da asko antzematen bertsoak direnik", azaldu digu Maiak. Munduko beste erritmo batzuen emaria ere jaso dute Karidadeko Bentakoek: cha-cha-cha, bolero, tango edota flamenkoa, esaterako: "Bertsoak daude oinarrian, baina kanpoko doinu horiekin nahastuz, soinu berri bat sortzen da". Maiaren ustez, egiten duten musika "sailkaezina" da: "Ez da folk, ez rock, ez pop ... Orkestratxo zoro bat da".
Maiaren letrak dira guztiak, berreskuraturiko hainbat bertso zahar izan ezik. Maiak jorraturiko hitzek "pertsonaia ezberdinen istoriatxoak" kontatzen dituzte gehienetan: "Esaterako, Remedios Amaya kantari flamenkoaren inguruko istorioa dago. Nonbait, Zumaia eta Getaria artean dagoen Azkizu auzoan jaio zen, eta Azkizuko Remedios Amayanekua izena du kantuak. Beste batean, Joxe Azarola Zumaiako pianojolearena kontatzen da. Gerra garaian ihesi joan zen Ameriketara, eta azkenean Broadwayen amaitu zuen, arrakasta izanez. Kantu bakoitza istoriatxo bat da".
Gaur gauean Olaberrian eskainiko duten emanaldiak izango du berezitasunik, beraien zuzeneko kontzertuek izan ohi duten eran: "Diskoa bera baino ganberroagoa da gure zuzenekoa. Tartean hiru kanta daude nik bapatean abestuko ditudanak. Diskoan azaltzen ez diren kantuak dira. Publiko artera sartzen naiz horiek abestera, agertokitik jaitsita. Inprobisazioak tarte garrantzitsua dauka zuzenekoan. Komunikazio handia dago publikoarekin, jendearekin asko hitzegiten dugu".
Domentx Uzin soraluzetarra taldekide berria dute eta pixkanaka zuzenekoetara ohitzen joan dadin baliatuko dituzte hemendik aurrerako kontzertuak, diskoa aurkeztearekin batera. Gainontzeko bostak zumaiarrak dira, eta musikaz gain, gehienek dute harremana beste arte adierazpideren batekin. Arantxa Santamaria margolaria da, Jon Mantzisidor komikigilea, Iñaxio Tolosa aktore eta antzerkigilea, Jon Maia bertsolaria ... Sorkuntzarako iaioak dira bentakideak. j
Bazen behin benta zahar bat ...
... Karidadeko Benta izenekoa. Zizurkil-Billabona inguruan kokatua. Otañotarrena zen, bertsolari familia famatuarena: "Han elkartzen omen ziren garaiko bertsolari ezagun mordo bat, gauetan-eta. Bada Pello Errotaren bertso bat horren berri ematen duena eta honela hasten dena: ‘Karidadeko bentan sei bertsolari’ ... Bertso bereko hurrengo ahapaldietan aipatzen du Udarregi, Otaño, Xenpelar, Gazteluko Gorri eta beste, bentan zeudela. Horrek gogora ekartzen duenarekin hartu genuen izena, irudikatuz hango gauak zer izango ziren. Irudikaturiko giro hori gure eginez hartu genuen izena", esan digu Jon Maia bertsolari eta taldeko abeslariak, taldearen izena nondik datorren azalduz.
|