
2008-02-28 l 12:31:47 Nontzeberri
LinTonTaun taldean aritutako hiru musikarirekin (Joseba Illarramendi, Raul Olaizola eta Bitti Tena) Aitor Korta (Ttakunpa) eta Olatz Prat jazz eta folk munduan ibilitako kantari azpeitiarra elkartu dira.
Pisu handiko kantuek osatzen dute Karelenean aurkezpen diskoa; entzunaldi bakoitzean arrastoa koska bat sakonago uzten duten kantuak dira.
Hori da 56.Gelatik (Hotsak) behin eta berriz entzutean azaleratzen den sentsazioa, hasberria ez den talde sendo baten aurrean egotearenarekin batera. Presarik eta beldurrik gabe eraikitako kantuak dira, bakoitzak bere izaera har zezan hazten utzitakoak, zenbat luzatuko zen kezkari tarterik utzi gabe.
Olatz Praten ekarpena nabarmentzekoa da. Euskaraz edota ingelesez kantatzean transmititzeb duen askatasuna taldearen musikan txertatzea lortu baitu abeslari azpeitiarrak. Karelean musikaren ikuspegi zerutiarra, helduezina, mugagabea islatzen du Olatzen ahotsak, Josebaren eskusoinuak alderdi lurtarra, sustariduna ordezkatzen duen bezala.
Rocka dela esan behar da, baina ikuspegi ireki batetik, prejuiziorik gabe landutako rocka, non lekua duten bossanovak (Hotzikara), musika elektronikoak (Karelean), poesia errezitatzeak (Ezaren semeak) edota aire flamenko eta arabiarrek (Istanbul-San Fernando), besteak beste.
|