Pausoz pauso, baina zentzu zehatzean eginiko ibilbidea da Desorekarena. 2000. urtean sortu zen, bi urte beranduago maketa kaleratu eta ondorioz dozenaka kontzertu batu zituen taldea. Hainbat txapelketa eta bildumatan parte hartuz, egunez egun taldea sendotu eta izena hartzen joan da. 2004an grabatzen dute lehendabiziko lan luzea eta, gaur da eguna, diskoa kalean izaki zuzeneko kontzertuetan defendatzeari ekin diotena. Desorekak, oreka lortu du. Disko berriari soinu garbi eta indartsua nabari zaio, sukaldeko lanak ongi eginak eraman zituzten estudiora, eta horren emaitza, rocka, metal eta funkya bat egiten duten bederatzi kantuz osaturiko debuteko lana.
Labur bada ere, taldea ezagutzen ez duenarentzat, zein izan da Desoreka taldearen ibilbidea?
2000. urtean batu ginen Lezo (Gipuzkoa) inguruan, eta gaur egun, taldekide berberek jarraitzen dugu. Martix (bateria), Ibon (gitarra eta uluak), Iker (gitarra), Xuxpe (baxua eta uluak), eta Txituk (eztarri urratua) osatzen dugu Desoreka. Aurretik beste talde batzuetan ibiliak ginen, nahiz eta gaur egun egiten dugun musikarekin zerikusi askorik ez izan. 2002an, talde barnean pauso txiki bat eman genuen maketa bat grabatzearekin batera. Mikel El Gordo teknikariaren laguntzaz grabatu genuen Oreretako estudio batean eta maketa horri esker kontzertu dezente lortu genituen Euskal Herrian barna. Era berean, txapelketa batzuetara bidali genuen lan hura, eta pare batean, finalera iritsi ginen ere. Aipatu bezala, kontzertu mordoa eman genituen lan horri esker, batez ere, gaztetxeek eskaintzen duten zirkuitu horren barnean.
Lehiaketak aipatu dituzue. Euskal Herri osoan badira hamaika maketa txapelketa. Zer iritzi duzue lehiaketa horiei buruz?
Gure kasuan, lagungarri izan dira. Euskadi Gaztea maketa lehiaketako finalera iristea onuragarri izan zen taldearentzat, ezagupena eman baitzigun, zentzu batean. Gero, Ondarroako maketa txapelketan parte hartu genuen, han ere finalera iritsi ginen. Diputazioak antolatzen duen Gaztemaniak lehiaketaren ondotik, kantu bat sartu genuen disko bilduma batean eta disko honi esker, Donostiako Gazteszenan kontzertu bat eskaintzeko aukera izan genuen, Iffy talde amerikarrarekin batera. Beraz, Desorekari dagokionez, lagungarri izan zaizkio txapelketa hauek.
Maketa kaleratu eta bi urtera, Garete Studiosen sartzen zarete, Haritz Harreguyren gidaritzapean disko berria grabatzeko.
Diskoa grabatzera joan ginenean, oraindik ez genuen inolako diskoetxerekin kontraturik izenpetu. Taldean erabaki genuen, kalitatezko lan bat nahi genuela, soinu aldetik maila bat bilatzen genuen, eta Garate Studioak baldintza guztiak betetzen zituen. Ezagutzen genuen Haritz Harreguyren lana eta bagenekien gure ideia ulertuko zuela. Era berean bagenituen Garaten grabatu duten beste talde batzuen erreferentziak, eta gustuko genuen bertan lortu ziren emaitzak.
Beraz, inolako diskoetxerekin hitzarmenik gabe zuen lehen lan hau grabatzera animatzen zarete?
Talde barnean oso argi genuen aurrera pauso bat eman behar genuela lan berri honekin. Urte guzti hauetan, kontzertuetan bildutako dirua eta gure poltsikoetatik irten denarekin batera, ordaindu dugu diskoaren grabaketa. Behin diskoa eskuan genuela, diskoetxe ezberdinekin bildu ginen. Aukera ezberdinak eduki genituen arren, Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskaintzarekin geratu ginen. Guretzako oso eskaintza interesgarria izan zen.
Soinuari garrantzia ematen diozuela aipatu duzue. Behintzat, lehen disko honetan soinu ikaragarri ona lortu duzue. Garbia eta era berean indartsua.
Soinu on bat izatea, oso garrantzitsua da guretzat. Maketa kaleratu genuenean ohartu ginen soinuaren garrantziaz. Geroztik, soinu egoki baten bila ibili gara eta talde barnean konposatzeko eta afinatzeko era aldatu egin da. Kanta zaharrak mi notan afinatzen genituen, eta gaur egun, re-n afinatzen ditugu. Gure musika erari hobeto datorkio afinazio hau, soinu astunagoa eta indartsuagoa lortzen da afinazio honekin. Gure abeslariari ere, lasaitasun gehiago ematen dio abesteko unean, bere lana egiteko erraztasunak ematen dizkio.
Jarrai dezagun soinuari buruz berbetan. Zuzeneko kontzertuei dagokionean, nolakoa da Euskal Herrian ditugun soinu ekipoen maila?
Aipatu bezala, garrantzi handia ematen diogu soinuari, eta batez ere zuzeneko kontzertuetan dugu erronka handiena. Zuzeneko teknikorik ez izatea da gure hutsunerik handiena. Gaztetxeen zirkuituan denetarik aurki daiteke. Egoera ezberdinak suertatzen dira. Soinu ekipo on bat izanez gero, errazagoa da soinu on bat lortzea, baina ez da beti horrela izaten. Ekiporik gabe jo izan dugunean ere, soinu on bat lortu dugu. Entzuleak gure sentsazioak nabaritu behar ditu, naiz eta soinua ez izan egokiena. Taldeak bizi duena helarazi behar du.
Azken batean, hori da memorian geratzen dena. Amorrazio handiena, eskenatoki handietan soinu kaxkarra izatea da, eta hori, nahi baino gehiagotan gertatzen da. Gure aldetik, saiatzen gara soinu ekipoa zaintzen, eta soinu on baten bidean, gure anplifikadoreak eta musika tresnak hobetzen joan gara etengabean. Soinu on bat lortzeko, taldeak bat eginik egon behar du eta entsegu lokalean orduak sartzen lortzen da benetako batasuna.
Diskoa 2004ko azaroan grabatua dagoen arren, urtebete beranduago argitaratu da. Zein izan da denbora luze honetan diskoa ez kaleratzearen arrazoia?
Euskal Herrian, diskoak kaleratzeko bi urtaro nagusi daude. Alde batetik, uda giroa eta bestetik, Durangoko azoka. Gure lehen ideia udarako kaleratzea zen, baina ez zen posible izan, beraz, ia urtebetez izan dugu lana esku artean. Hala ere, ez gara geldirik egon. Bideoklipa grabatu dugu, taldearen weborrian lanean izan gara eta kontzertuak eskaintzen jarraitu dugu.
Musikalki, bi norabide ezberdin topa ditzakezu zuen estreinazko lan honetan. Alde batetik, funky ukitua duten kantuak, eta bestetik, metal giroak. Nola definituko zenukete zuen musika?
Bi musika mota hauen batura edo nahasketa egiten dugula uste dugu. Oinarrian, nahasketa dago, rocka, funkya edo metala bat eginik. Musikalki, gure eraginak 70eko hamarkadako girotik datoz, Wa-wa soinuak, funky beltza, slapa. Beste aldetik, rock gogorra eta metal giroak dira gure beste eragin nabarmenak.
**Diskoaren inguruan jarraituz, kolaborazio anitzak lortu dituzue: Aiora Renteria (Zea Mays), Matxet (Jousilouli - Naiz Roxa), Iban Nikolai, Eñaut Gantxegi, Gogi…**
Emakume zapaldua kantua osatu genuenean, argi genuen kantu horrek neska baten ahotsa behar zuela. Beti gustuko izan dugu Zea Mays taldea eta Aiora Renteriari deitzea erabaki genuen. Erabaki bitxia izan zen. Ez genuen Aiora pertsonalki ezagutzen, baina segituan konpondu ginen. Eskertzekoa da bere jarrera ona. Taldea ezagutu gabe laguntzeko prest azaltzea, asko esaten du bere alde. Kantuaren aurre grabazio bat bidali genion eta beste guztia bakarrik etorri zen.
Iban Nikolai aspaldiko ezaguna dugu eta Didgeridooa sartu du hainbat kantuetan. Musika tresna honek gure kantuei ukitu berezia ematen die. Hainbat kontzertutan izan dugu lagun, oholtza gainean. Matxet herritarra dugu, eta aspaldiko laguna ere. Bere garaian Jousilouli taldean ibili zen, eta gaur egun, Naiz Roxa taldea sortu berri du. Adi egoteko taldea azken hau. Perkusioa ere sartu dugu; gure musikari laguntzen diolakoan gaude. Gogi, Perkutroniks taldean aritu zen eta Iban Nikolairen bitartez ezagutu genuen. Batez ere funky giroko kantuetan hartzen du parte.
Abestien hitzak egiterako unean, zeintzuk dira jorratzen dituzuen gaiak?
Bi ildo ezberdin ditugu kantuen hitzak egiterako unean. Alde batetik, esanahi zuzeneko letrak daude. Ideia argi bat bota eta lehenengo entzunaldian ulertzen diren horietakoak. Beste batzuetan, ordea, letra zailagoak egiten ditugu, pertsona bakoitza, momentuaren arabera, modu batera edo bestera ulertu dezakeela. Diskoko kantuen artean, telebistaren inguruan doa 626; hitzen inguruan, eta hitzen esanahiaren inguruan doa Hitzak. Ciao kantua Italian zehar eginiko bira txiki batean eginiko lagunei begirunez idatzia da. Gai zabalak ukitzen ditugu. Diskoan, gazteleraz eginiko kantu bat badugu ere. Remite X izena du eta gurea ez den hizkuntz ezberdin batean egina da. Era berean, aurretik aipatu dugun Ciao kantuan italierazko esaldi batzuk erabili ditugu. 5 ero izeneko kantuan, Desoreka taldeari buruz ari gara. Talde barneko bizipenak eta ibileraz mintzo da kantu hau. Azken batean, gu bost ero horiek garela.
Musikalki zeintzuk talde dira erakargarri Desorekarentzat?
Euskal Herriko taldeen artean oso gustuko ditugu Pi LT, Inoreneroni, Eraso, Berri Txarrak, Sorkun, edo Zea Mays taldeak, gutxi batzuk aipatzearren. Musikalki, aldiz, Amerikako Estatu Batuetako taldeak dira gure erreferentzia handienak: Red Hot Chilli Peppers, Primus, Incubus, Living Colour, Tool, Fishbone edo Faith No More bezalako taldeen jarraitzaile sutsuak izan gara eta gara.
Zein euskal talderekin osatuko zenukete zuzeneko kontzertu baten afixa?
Mutrikun Zea Mays taldearekin eskaini genuen kontzertua, eta oso kartelera polita osatzen dugulakoan gaude. Aurretik aipatu ditugun talde guzti horiekin ere ondo moldatuko ginatekeela uste dugu. Musikalki agian ez dugu antzekotasun askorik, baina ideia askotan bat egiten dugu. Era berean, jada ezinezkoa den arren, Bap!! taldearekin jotzea gogoko genuke. Arean taldea ezagutu berri dugu eta oso talde interesgarria dela iruditu zaigu.
|