Borja Estankonak (gitarra eta ahotsa), Koldo de Miguelek (bateria) eta Iñaki Garridok (baxua) osatzen dute Arean taldea. Musikak elkartu zituen orain dela zortzi urte, eta ordutik hona hainbat egitasmotan ibili dira elkarrekin. Orain, lehenengo diskoa atera dute, eta bertan, musikaren jatorrizko magia bere egituran dagoela erakutsi nahi dute.
BILBO
Iniezione izena zutela hasi ziren, orain dela urte batzuk, Arratia eta Hego Uribe Bizkaiko eskualdeetako hiru musikariak. Garai hartan ezarri zituzten gaurko Arean taldearen oinarriak. Gero, Koldo Londresera joan zen bizitzera. Bueltatu zenerako, Borjak abesti multzo bat konposatua zuen. Eta disko bat egiten hasi ziren.
Gasteizen grabatu zuten, zuzenean, eta Gaztelupeko Hotsak zigiluak argitaratu du. Bateria, baxua, gitarra eta ahotsa; funtsezko lau elementuon biluztasuna aldarrikatzen du “Arean” diskoak. Musikaren jatorrizko magia bere egituran dagoela gogorarazten digu lan horrek, eta ez efektukerietan. «Denetatik entzuten dugu, baina irakasle zuzenak rocketik datoz. Gurea, izatez, rock jarrera bat da azaldu zuen Estankonak. Ez dago halako depurazio neurotikorik, eta hori ere jarrera bat da. Gero eta rock zaleagoak gara, alde horretatik».
Rockerantz doaz, beraz, beste eremu batzuetatik. «Koldo Londresen egon zenean, nik egin nituen abestiak, nire kabuz; horregatik, kanta hauek intimismo puntu bat dute», argitu zuen kantari eta gitarra-jotzaileak.
Iniezione zirenean, musika instrumentala soilik egiten zuten. Orain, berriz, kantu guztiek dute hitza. «Lehen, asko kostatzen zitzaidan idaztea, eta oraindik ere ez zait naturalegia egiten. Kantak konposatzen ditugu lehenengo, eta hortik, hitzak bilatzen ditugu, ozentasuna bilatzen», esan zuen. Dena den, hitzei begiratuz gero, askotan mezu bat aurkituko du entzuleak. «Askatzea edo gozatzea aldarrikatzen dute abes- tiek. Eta hori lortu nahi dugu musikarekin: gero eta gehiago askatu, gero eta gehiago beldurrak alde batera utzi, gero eta gehiago gozatu», azaldu dute. Horregatik, hitz «abstraktuak» iruditu arren, mezuak «nahiko soilak» direla ohartarazi dute.
Borja Estankonak anaia Igorren testuei musika jartzeko zailtasunak dituela jakinarazi zuen. «Grabatu genuen abesti bat, baina ez genuen diskoan sartu intimistegia iruditzen zitzaigulako. Zaila egiten zait hitzei musika jartzea. Gurean, hitzak daude musikaren zerbitzura», adierazi zuen.
|