You are here: Home Events JOSU LANDA Miguel Hernandez kantuz

JOSU LANDA Miguel Hernandez kantuz

What
When Nov 11, 2014
from 07:00 pm
Add event to calendar vCal
iCal

Askotan musikatutako poeta izan da Miguel Hernandez (1910-1942). Joan Manuel Serratek argitaratutako bi diskoez gain, Paco Ibañez, Victor Jara, Alberto Cortez edo Adolfo Celdran dira, besteak beste, poeta alacantarraren poemak doinuz ipini dituztenak. Argitaratu berri den Poesia Kaiera (http://susa-literatura.com/kaiera?z=mkai06)   dela eta, horien guztien Euskal bertsioak entzun ahal izango dira, antologia horren itzultzaile izan den Josu Landaren eskutik edo, hobeto esanda, ahotik, kantuan ere arituko da eta.

 

JOSU LANDA

 Altza, Gipuzkoa, 1960

 

Euskal filologiako ikasketak egin zituen. 1980an Susa literatura aldizkariaren sortzaileetako bat izan zen, eta izen bereko argitaletxearen sortzaileetako bat ere, 1983an. Argia aldizkarian eta Euskaldunon Egunkarian ere ibili da lanean. 1995etik hona multimedia teknologiei eta Interneti lotutako proiektuetan murgilduta ibili da.

1980an Haizearen itzalak poesia liburua argitaratu zuen. 1983an Gerraondoko poesiaren historia saiakera plazaratu zuen, eta Ipurtargi beltza liburua, poema eta ipuinez osatua. 2002an bere lehen eleberria argitaratu zuen: Odolbildua.

 Ingurune aski soil eta xumean hezi zen Miguel Hernandez. 1910ean Orihuelan munduratu zen ahuntzain familia batean. Inguruko ume gehienak ez bezala, hamar urtez eskolatu zen, urte asko orduko lagunei erreparatuz gero, baina aski gutxi gerora lortu zuen maila poetikorako. Batxilergoa jesuitekin hasi zen ikasten eta han ezagutu zuen Jose Ramon Marin Gutierrez, “Ramon Sije” ezizeneko adiskide mina, zeinaren heriotzaren oinazean bere poema sonatuenetako bat idatzi zuen: Ramon Sije-ri elegia. Ezin izan zuen batxilergoa amaitu aitak ahuntzaintzarako etxean behar omen zuelako, eta halaxe itzuli zen, bere borondatearen kontra, ahuntzak bazkatzera hamabost urte zituela.

      1933an argitaratu zen bere lehen poema liburua, Ilargietan peritu. Liburuak, antza, ez zuen egileak espero izandako harrera eduki. Federico Garcia Lorcari liburua hor zehar jakitera emateko eskatu ondotik eta honen erantzun hotza zela-eta, bien arteko harremana hautsi zen betirako. 1934an beste poeta handi bat ezagutu zuen, Hernandezen ibilbidean mugarri izan zena: Pablo Neruda. Nerudaren bidez garaiko Madrilgo intelektualitatea ezagutu zuen, tartean Vicente Aleixandre. Hari eskainia da Viento del pueblo (Herriaren haize) poema-liburua, 36ko Gerra bitartean idatzi zuena. Hernandezen poesiaren aintzakotzea, ordea, aurreko lanari esker etorri zen, 1936ko El rayo que no cesa (Etengabeko tximista) liburuarekin.

      Gerraren eztandarekin errepublikazaleen bandoan izena eman eta komisario politiko eta kultural gisa aritu zen borrokan. Madril faxisten eskuetan erori eta gutxira atxilotuz gero kartzelaz kartzelako gurutze-bide bat bizi izan zuen. Giltzapean idatzi zuen beste poema sonatu bat, Tipularen sehaska kanta, Joan Manuel Serratek kantatua aski ezagun egin zena. 1942ko martxoaren 28an zendu zen Hernandez tuberkulosiak jota Alacanteko presondegian.

      Hernandezen lehen poesia Luis de Gongoraren eraginpekoa dela diote adituek. Nabariak dira poema horietan, hala sintaxiaren jira eta birak, nola aberastasun lexikoa. Haatik, hori guztia halako ukitu kolokial batekin zipriztintzen du, bere poesia ildo horretako beste hainbat saiakera baino lurtarragoa —zentzu literalean— bihurtzen duena. Etengabe oihartzun egiten duten terminoak dira: kopeta, izerdia, haragia, odola... Neruda eta Aleixandreren eraginpean surrealismoaren bideak ere jorratu zituen nahiz eta inoiz ez oso modu markatu edo programatikoan. Aski ezaguna da bere garai konprometituena, Viento del Pueblo poemarioaren garaia. Hernandezen obra osoa poema haietara murriztu izan da maiz, “poeta konprometitua” etiketapean. Aitzitik, Hernandezen amodiozko poemak, esaterako, maila gorenekoak dira halaber. Haren poesiaren beste ezaugarrietako bat lerroen musikaltasuna da, Josu Landaren itzulpenean bereziki nabarmena den alderdia. Egiatan, haren poemetarik ugari izan dira abesti bihurtuak; arestian aipatutako Serratenaz landa, Paco Ibañezen Andaluces de Jaen kantua, Olibazaleak poeman oinarritua, belarriz belarri ibili izan da urtetan. Musikari berriagoen artean, Silvia Perez Cruz-en Ramon Sije-ri elegiaren bertsioa aipa daiteke.

      Hernandez Espainiako literaturako 27ko Belaunaldiaren azkeneko katebegitzat jo ohi da, guztien artean gazteena izaki. Taldetik kanpo geratu izan da ez gutxitan ordea. Argigarria da, esate baterako, Gerardo Diegok prestatutako bi antologietatik kanpo geratu izana, zeinak 27ko Belaunaldiaren bilduma kanonikoenetakoak diren. 

      Belaunaldien aferak afera, baina, gozamen hutsa da Hernandezen lengoaia poetikoaren samurtasunetik dorpetasunera etengabeko jauziak egitea. Gozamen hutsa Alacanteko lurretan hain erroturik dagoen lengoaia hori euskararen lur hezeagoetan irakurtzea.

Beñat Sarasola

ENE USTE MAKALEAN

Soraluzeko Gaztelupe tabernako goiko solairuan lagunarteko hizketaldiak  egitea da asmoa, kultura, euskara, musika, literatura… eta beste gai orokor edo ez hain orokorren inguruan jarduteko.

Astearte arratsalde/iluntzean izango dira saioak eta gonbidatu bat izango dugu haietan bere ikuspuntua edo esperientzia azaldu eta horren inguruan aritzeko. Hitzaldiak izango dira batzuetan, liburu edo diskoen aurkezpenak besteetan; eta izango dira literatura testuen irakurraldiak edo/eta haien inguruko elkarrizketak…

Lagunarteko saioak izango dira, guztientzat irekiak. Bertaratzeko nahikoa da euskaltzalea  edo kultura zalea izatea, jakin-mina edukitzea, ez da zertan irakurlea edo ezertan aditua izan behar. Inguruko zaletuei luzatu dizuegu gonbita. Baita tarte atsegina pasa nahi duzuenoi ere.

Helburua ere bada bertaratzen direnek parte hartzeko aukera izatea, iradokizunak, iritziak edo/eta ekarpenak egitea, azken finean horiexek aberastuko baitituzte harremanak eta ideien trukaketak.

 

 

 

 

« November 2021 »
November
MoTuWeThFrSaSu
1234567
891011121314
15161718192021
22232425262728
2930