|
Esan dugu, egiteko dagoen herri batekoak gara
Zer espero daiteke bere lehen road-movietzat
Piarres Adame izeneko ipuin luze bat duen herri batengatik?
Eta hala ere, nonbaitera doan herri bateko Gilen gara, Anton gara
Ametsa ezagutzen dugu
Badakigu zer den ametsez mozkortzea
Badakigu zer den biharamona, bestondoa, ajea
Hamaika aldiz esnatu gara izerdiz bustitako oheetan
Eta hala ere, airean urratsak egiten irakasten diegu gure haurrei
Itxaro Borda, Desertuetan Esperatzen
DESERTUETAN ESPERATZEN
desertuetan esperatzen ohituak garenok
biharko iluntzetan banan bana
zutituko gara
sablea urratsez markatzearren.
haurrei airatzen irakatsiko diegu
ortzearen ispilutan dilindan dabiltzan
izarren dantzan kulunkatzeko
gai izan daitezen.
desertuetan esperatzen ohituak garenok
erabat aldatuak atzemango gaituzte
hiri aberatsetako harresietara
bideratuko garenean
eta apalik erranen dugu:
-ez gara aldatu
espero denborak gaitu higatu.
nehork ez gaituzte sinetsiko
desertuetan esperatzen ohituak garenok
atorrak urratuz
papoetako sarraski orbainduak
erakutsiko dizkiegunean
irriz hasiko dira.
bakardadearen usaina usnatuz urrunduko
zaizkigu aitortuko dugula
bakardade biluziaz baizik
ez dugula iraun
desertuetan esperatzen ohituak garenok
eta o maitea!
kantatuko dugunean
haizearen musiketan bermatuz
ezti gogoz geneuzkan soakoak
hauts bihurtzen ikusiko ditugu.
ba euriaren mingaitzean bustiko gara
betikotasunaz erretzeko.
desertuak lur moldatu gaituelakoan
lohiaren zalantzaz jantziko gara.
|