Beratarrak dira, oso gazteak, eta euskal rock-and-rollaren eszena aberastu nahi dute. Sexty Sexers dute izena, euskaraz kantatzen dute, eta lehenengo diskoa kaleratu zuten atzo, Gaztelupeko Hotsak zigiluarekin. Hamar abesti berri eta bertsio bat egin dituzte. Zuzenean jotzen jarraitzeko aitzakia bat da haientzat, hori baita benetan gustatzen zaiena.
BILBO
Orain dela lau urte eratu zen Sexty Sexers taldea, Ameba izenarekin. Izena aldatu zuten gero, baina taldekide guztiak lehengoak dira: Joseba Baleztena (gitarra), Julen Irazoki (gitarra), Inaxio Agara (bateria), Xiker Salaberria (baxua) eta Mikel Larratxe (ahotsa).
*Lagunak gara, eta oso modu naturalean sortu zen taldea. Urtebete eman genuen entsaiatzen Aduana egoitzan, eta gero hasi ginen kontzertuak ematen gogoratu zuen atzo Mikel Larratxe kantariak. Maketa bat grabatu genuen, eta, ondoren, kontzertu mordo bat eman genuen; 35, hain zuzen ere. Taldea asko aldatu zen, hartutako eskarmentuarekin*.
Joan den udan sartu ziren Andoaingo Garate estudioetan grabatzen, Martxel eta Kaki Arkarazoren ekoizpenarekin.
Taldearen influentzia musikalak nabarmenak direla aipatu dute: alde batetik, rock talde klasikoena (Who, Radio Birdman, AC/DC eta 80ko urteetako Los Angelesko taldeena; eta, bestetik, egungo Gluecifer (berekin jo zuten behin) eta beste hainbat talderen doinuak. Izan ere, Sexty Sexers taldeak riff klasikoetatik edaten du, abesti gordinak aurkezten ditu, eta 70eko hamarkadaren erritmoak ditu abiapuntu. Gure garaiko semeak gara, baina ez diogu kasurik egiten modari. Egiten duguna bihotzetik irteten zaigu, ziurtatu zuten.
Sexty Sexersen abestien letrek amodio eta gorrotoaren arteko harremanak dituzte iturri nagusi. Badaude beste batzuk, berriz, esistentzialagoak direnak. Oso disko heterogeneoa da. Kanta batzuk parrandazaleak dira, beste batzuk serioak, argitu zuten.
Berentzako, kaleratu berri duten diskoa Ģaitzakia bat da, jotzen jarraitzekoģ; hori baita benetan gustatzen zaiena. Gainera, oso gustura sentitzen dira gaur egungo euskal rockaren esparruan. Ilusio handia daukagu, ikusten dugulako kalitate handiko talde pila bat irteten ari direla. Baina eszena hori ez dago errotuta, eta publikoa geureganatu behar dugu taldeok, esan zuen Larratxek.
|