Aizu! 2007 ko abendua
KOKEIN ETA MUNDUAREN KOLOREAK
Bere hirugarren diskoa kaleratu du Kokein talde eibartarrak, *Mundu margotu berri bat izenekoa. Lan hau DVD batez lagunduta dator, eta 2006ko hasieran Elgetako Espaloia kafe-antzokian eskainitako kontzertu akustikoa jasotzen du. Kontsertu hartan taldeak Maite Arroitajauregi biolontxelo-jotzailea izan zuen lagun, eta bere kantu propioez gain, Radiohead taldearen Street spirit (fade out) kantuaren moldaketa ere jo zuten. Izenburuak beste zerbait adierazten duela badirudi ere, diskoan agertzen den mundua ez da fantasiazkoa, errealitateari estu lotutakoa baizik, langileen heriotza, etorkinen etorkizun eza, giza harremanen deshumanizazioa, pentsamendu bakarraren inposaketa eta bakardadea bezalako gaiak ukitzen baitira, nahiz eta itxaropena eta une bakoitza bete-betean bizitzeko beharra ere azaltzen diren. Musikari dagokionez, rockaren dinamismoa eta berehalakotasuna hobetsi ditu taldeak giro goxoen gainetik, eta trash-metal, post-hardcore edota stoner doinuen zertzeladez osatutako musika esparrua zabaldu du.
|