Jon Gurrutxaga ARGIA 2003-01-12
Eibartarrak dira eta Kokein aurkezpen lana argitaratu berri dute. Rocka eta popa era berezian uztartzen dituzte. Sei abestiz osatutako lehen lana Soraluzeko Gaztelupeko Hotsaken eskutik plazaratu dute.
Lau musikarik osatzen dute banda gipuzkoarra: Zaloa Urain ahotsean, Jatsu Argarate baxuan, Txitxes gitarran eta Haritz Lete baterian. Baina hori ez da hasierako formazio originala. Mende berriaren hasierarekin batera, 2000. urtean, sortu zen Kokein. Guztia Markos Untzetarekin egindako grabaketa batean hasi zen. Luther taldeko Iņaki baterian zutela cd bat grabatu eta elkarrekin zenbait kontzertu eskaini ondoren Zaloa, Txitxes eta Jatsuri talde bat sortzea otu zitzaien. Horretarako, Ermuako Storbais taldeko Fory bateria jolearekin harremanetan jarri eta lehen entseguak egiten hasi ziren. Haritz Letek 2001. urtean ordezkatu zuen Fory baterian. Egun Legarre auzoko lokaletan entseatzen dute, Eibarren bertan. Ezberdin idazten bada ere, J.J. Cale gitarra jolearen abesti batean oinarritu ziren taldeari izena jartzerako orduan. "Slowhand" diskoan Eric Claptonek hain ezagun egin zuen "Cocaine" abestian, hain zuzen. "Belarrira atsegina egiten zitzaigun! Hori izan zen æKokeinÆ izena aukeratzeko arrazoi bakarra", dio Zaloak. Eta garbi utzi nahi dute taldearen asmoa ez zela izan drogaren aldeko edo kontrako aldarrikapenik egitea. Zuzenekoetan abesti mitikoa jotzen ez badute ere, kontzertua amaitutakoan soinu ekipotik entzuten den lehen gitarra riffa "Cocaine" abestiarena izan ohi da.
Aurrekari metaleroak.
Kukka taldetik datorren Zaloa ezik beste partaide guztiak musika gogorra egiten zuten bandetatik datoz: Haritz (Kafha), Jatsu (Luther) eta Txitxes (Ehun Kilo). Beraien ustez, ordea, ez da arraroa horrelako musika egiteko elkartu izana. Izan ere, jendeak beraienganako duen erreferentzia aurrekari gogor horiek izan arren, inoiz ez dira estilo konkretu bat entzutera mugatu. "Talde gogorretan aritu izan bagara ere, gure gustu musikalak beti izan dira oso zabalak", dio Jatsuk.
Taldearen musika eraginak asko dira eta partaide bakoitzak iturri askotatik edaten du. Guztien eraginak batuz gero, sekulako zerrenda osatuko luketela diote. "Gure asmoa ez da talde konkretu baten soinura gerturatzea. Bestalde, egia da abesti bat atera eta entzun ostean talderen baten kantaren bat gogoratu izana. Tontakeri bat izango litzatzeke abesti batek beste talderen baten antza ez duela esatea, munduko orijinalena izango bazina bezala", azaltzen dute eibartarrek.
Gaur egun jorratzen duten estilora heldu arte denetarik egin dute Kokein taldekoek. "Funkya egiten hasi ginen eta gero pila bat estilo jorratzen, berdin zitzaion zein motako abestia irtetzen zen", dio Jatsuk. Taldearen ustez diskoak ez du islatzen ordura arte Kokeinek egiten zuen musika. Diskoa prestatzen hasteak, nolabait, baldintzatu eta mugatu egin zuen azken emaitza. Horrela, abestiak estilo batera bideratzen joan ziren. "Diskoa prestatzeko Piltko Rafa Ruedarekin jarri ginen harremanetan, besteak beste, horrexegatik, norabide bat zehaztu nahi genuelako", azaltzen du taldeko baxujoleak. Dena dela, Zaloaren ustez Lete baterian sartzeak ere izan zuen horretan eraginik. Izan ere, ordura arteko kantak funkyagoak baitziren.
Bost Hilabeteko Lana.
Diskoa Piltren lokalean grabatu dute Sanperekin, Mungiako bandako bateria jolearekin. Eta nahaskateak eta ahotsen grabaketak Garate estudioan egin dituzte Haritz Harreguyrekin. Grabaketa hasi aurretik, ordea, Rafa Ruedarekin aritu dira lanean taldea sendotzeko asmoz. "Gaztelupeko Hotsakeko Xarrari Kokeinen proposamena egin genionean taldea bideratzeko norbait nahi genuela jakinarazi genion. Berak Rafa aipatu zigun eta ongi iruditu zitzaigun", dio Letek. Memento horretatik aurrera makina martxan jarri zen. Taldeak maketa bat bidali zion Ruedari, berba egiteko gelditu eta lanean hasi ziren. Horrela, sei hilabetez aritu da Rafa Rueda eibartarrekin lokalean lanean, martxotik hasita abuztuan grabaketa amaitu arte. Epe horretan sei abesti borobildu eta disko bat kaleratzeko moduan izan dira gipuzkoarrak. Eta ohikoena hamar-hamabi abestitako lan bat argitaratzea bada ere, eibartarrek nahiago izan dute ongi landutako sei kanta kaleratu erdipurdiko sorta luzea baino. "Dena dela, talde ezezaguna izanik eta Euskal Herriko musika egoera nola dagoen ikusirik, nahiago izan dugu zerbait txikia baina landutakoa argitaratzea", azaltzen du Letek.
Bideoklipa Cd-Rom Pistan.
Gero eta musika talde gehiagok gehitzen die diskoko abestiei CD-ROM pista. Kokeinek ez du atzean geratu nahi izan eta mundu digitalak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatuz sei abestiekin batera bideoklip bat kaleratu du. Grabaketaren zuzendaria Haimar Olaskoaga izan da eta zuzendari laguntzaile eta muntaia lanetan, berriz, Iņaki Beraetxe aktorea aritu da. Grabaketa zer moduz joan den galdetzean Txitxes eta Jatsu dira adierazkorrenak: "Oso aspergarria izan da!, kamera bat bakarrik zegoen, hortaz, behin eta berriro errepikatzen genituen tomak. Beraetxe eskilara batera igotzen zen, gero ez dakit nondik grabatzen zuten... oso gogorra!", dio Txitxesek. Bideokliparen grabaketa prozesuak bi zati izan zituen: bat, taldearekin grabatu beharrekoa; eta bestea, fikziozkoa. Hasieratik ideia banda toki zabal batean kokatzea zen, fabrika zahar edo hangar batean, adibidez. Azkenean, Alfa enpresaren fabrika huts batean grabatu zuten, Eibarren bertan. Taldekideen arabera goiz oso bat pasa zuten grabatzen. Fikziozko atala, berriz, bi egunetan burutu zuten.
Taldearen izenarekin, eta hortaz, diskoaren izenburuarekin zerikusirik ez duen diseinua du Kokeinen lehen diskoak. Hala eta guztiz ere, adiera sinboliko zehatza du, azaldu gabe ulertzeko zaila gertatzen den horietakoa: azalean emakumezko maniki baten bularra, kontrazalean maniki aurpegia. Lehen estaldura hori kendu eta Cd-a bera gordetzen duen plastikozko kaxa aurkitzen da. Azalean manikiaren bihotza agertzen zaigu. Hona hemen Leteren azalpena: "Manikia bizitzarik gabeko gorputza da, honek ordea bihotza du, eta bertatik irtetzen da musika". Eibartarren esanetan makina bat argazki zituzten aukeratzeko eta manikiaren ideia izan zen azkenean denak konbentzitu zituena
|