arantzazu muñoA Donostia Berria
Jimmy Bidaurretak zuzenduta Hotsak dantzan abesti bilduma kaleratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak. Tapia eta Leturia, ZUEK, Txuma Murugarren, Karidadeko Benta, Morau, Bide Ertzean, Rafa Rueda, Kokein, Petti eta Sexty Sexersen abestirik ezagunenak hartu eta bertsioak egin ditu Bidaurretak salsa, latin, jazz, ambient, hip-hop edota bossanova estilora eramanaz. Badaude diskoan Gaztelupeko Hotsak argitaletxekoak ez diren bi talderen abesti bana: Deabruak Teilatuetan taldearen Behin eta Berriz eta Maider Zabalegiren Itxarote horrek.
Hamabi urte bete ditu aurten Gaztelupeko Hotsak diskoetxeak. Egindako bide honetan oso gutxitan hartu dugu tarte bat begirada atzera botatzeko eta alez ale osatzen joan garen bilduma zabalari errepasoa egiteko, azaldu du Joxe Felix Azkarate Xarra Gaztelupeko Hotsakeko arduradunak eta horregatik otu zaie bilduma egitea. Aurrera begira, beste abesti batzuekin bilduma gehiago egiteko asmoa ere badute.
Abuztuan elkartu zen Bidaurreta Gaztelupeko Hotsakekin. Helburua zen diskoetxeak hautatutako 12 abestiak dantzarako musikaren eremura eramatea, «baina musika mota horren erregistro guztiak harrapatu behar zituen», argitu du Bidaurretak. Abesti gehienak rock, pop, trikitixa edota hard-rock estilokoak zirenez, lana ez da hain erraza izan Bidaurretaren esanetan: «Scratchak, sintetizadoreak, oinarri elektronikoak, sanplerrak... erabili ditugu, baina beti ere jatorrizkoaren esentzia errespetatu nahi izan dugu, eta hori nahiko konplexua izan da».
|