|
|
 |
 |
| Volver a las noticias |
16/07/2008 - 14:06
Argentinatik datorren bluesman disdiratsua
Hogeita sei urte besterik ez izateko, Jose Luis Pardo abeslari eta gitarristaren ibilbidea harrigarria da. Hamar urte baino ez dira bluesa jotzen hasi zela Buenos Aires jaioterriko ostatuetan, eta dagoeneko Argentinako gitarristarik handienen artean nabarmentzeaz gain, blues musikaren AEBetako hiri mitikoetan jo du eszenatokia John Primer, Billy Branch, Super Chicken Jhonson, Ray Killer Allison eta beste hainbat bluesman-ekin partekatuz. Udaberrian Floridan (AEB) eta Mexikon kontzertuak eskaintzen aritu ondoren, uda Europan igaroko du (ostiralean Bergaran) Jose Luis Pardok The Mojo Workers taldearekin grabatu duen That is right lan berria zuzenean aurkezten. Diskoa erosi
|
|
Zuzenean jotzen dituen bertsioetan denetarik pixkat dago: blues akustikoa (Robert Johnsonen They’re red hot), rhythm’n’bluesa (Eddie Vinsonen Kidney stew), etsipenezko maitasun kantuak (Walter Jacobsen Just your fool) eta soul-a (Bobby Blanden In the heart of the night eta Roomful of Bluesen Running out of time). Django Reinhardten Minor swing-en bertsioarekin ere ausartzen da, gitarrajole trebea dela erakutsiz. Baina ulertu behar da: tradizioari errespetua galdu gabe hura biziberritzeko kezka duen edozein sortzaile bezala, eragin garaikideetara irekita dagoen musikaria da Pardo.
Bertsio sorta horren aldean, Pardok sortutako kantuek mailari eusten diote, bai blues elektrikoari heltzen dionean (Stopping me cold, Poco a poco), bai swingaren eremuan murgiltzen denean (Mi mujer se enojó). Bluesaren tradiziorik jatorrenean, bakardadeaz, maitasunaren galtzeaz eta gezurraren garratzaz modu sinple eta zuzenean mintzo dira Pardoren kantuak.
|
|
|