|
Baina gure herria,
dabilen tokian dabilela
imajinatuko zenuten honezkero,
ez dago hutsik
Jendea du barruan
Izan ere gure herria
hain zaila izan bada ulertzen
hain zaila izan bada topatzen
definitzen, marrazten
jendea duelako da
batera eta bestera dabilen jendea
bestera eta batera dabilena
Gure herria , ez dugu esan, besteak bezalako herri bat da
Gabriel Arestik 1963an Zorrotzako portuan ateratako argazkiak
giza neurria ematen dio gure definizio baldar honi
ZORROTZAKO PORTUAN ALDARRIKA
Aleman barkua atrakatu da Zorrotzan.
Zimentua dakar, ehun kiloko sakoetan.
Bien bitartean
Anton eta Gilen zeuden
zerrarekin
tronko hura erdibitzen.
Sokarekin...
Ez dago kablerik...
Bestela...
Tira eta tira,
orain Anton,
gero Gilen,
eznaiz hilen,
Gilen.
Hemen euskaraz
ta han erderaz.
Birao egiten zuten.
Okerbideak ezpaitaki mintzaerarik,
berdin tratatzen baitu
erdalduna
eta euskalduna.
Arbolaren neurriak hartu nituen.
Antiojuak bustitzen zitzaizkidan.
(Amak gauean pentsatu zuen errekara
erori nintzela). Eta esan nuen:
Beti paratuko naiz
gizonaren alde.
Gilen.
Anton.
|