|
Dokumentaleko azken elkarrizketa egingo dugu gaur. Omar izan zen lehena eta Unai izango da azkena. Hura Afrikatik hona etorri zen lanera eta honek hango itsaso zabaletan egin ohi du lan. Zabala bada itsasoa, are zabalagoa da maiz bakardadea.
UNAIREN KONTAKIZUNA
Ezagutu, toki asko ezagutu ditut eta beste asko ezagutzeko asmoa daukat. Marokon, Mauritanian, Reunion irletan, Maurizio irletan, Txilen, Argentinan, Irlandan, Ingalaterran eta Frantzian izan naiz besteak beste.
***
Horrelako txalupetan ez da jendearekin tratu handirik izaten. Norbera toki batean dago eta besteak beste batzuetan. Ez da komeni gehiegi nahastea edozer gauza gerta daiteke eta.
Ezagutu dut bakardadea gainditu ez duen jendea. Makinari galiziar batek, ezkonberria bera, hilabete eta erdi jasan zuen soilik. Etxera bueltatu behar izan zuen, gehiegi egiten zion tira hemengoak. Beste kasu batzuk ere ezagutu ditut, gehiegi gogoratu familia, neska, umeak... Jasan ezin izan zutenak.
Izozkailu handietan egon nintzen azken aldian neu bakarrik nengoen zubian. Makinaria galiziarra zen. Beste enparauak txiletarrak. Hogeita hamalau lagunetik hogeita hamabi ziren txiletarrak. Haien laguna egin, kalean ibili, eta gauza txar eta on guztiak haiekin igaro nituen. Gero, bat-batean herrira itzultzen zara eta albo batean uzten duzu hura guztia. Egokitu egin behar zara ostera ere herriko girora. Azkenik, hemengo girora ohitu zarenean joan egin behar duzu eta horrela beti.
***
Pentsona denera egiten da baina nire asmoen artean ez dago lantegi batean lan egitea, ez, oraingoz ez.
|