|
Stevensonek, farogile eskoziarraren semeak, Samoan egin zituen bere azken egunak. Fanny andrearekin batera. Ez zen izan Samoan europear arrunta. Mataafa buruzagi presoaren aldeko kanpaina egin zuen, esate baterako.
Tusitala esaten zioten indigenek Stevensoni. Kontu kontalaria. Hil zenean, Vaea mendian matxetez zabaldu zuten bidezidorra eta bertan ehortzi. Ez zuten indigenek geroztik mendi hartan ehizatu, txoriak Stevensonen gainean lasai pausatu ahal izateko.
BERTIKALA NAIZ
Baina nahiago nuke horizontala banintz.
Ez naiz lurrean sustraiak dituen zuhaitza,
mineralak eta amaren maitasuna zurgatzen
martxoan hostoak lora daitezen.
Ez naiz lorategiko ederra, kolore bizi horiekin
harridurazko oihuak erakartzen dituen hura,
petaloak laster galduko dituela jakin gabe.
Nire aldean, zuhaitza hilezkorra da
eta lorea, ni bezain altua ez bada ere, deigarriagoa da,
eta bataren bizitza luzea nahi dut eta bestearen ausardia.
Bart, izarren argi infinitesimalaren azpian,
zuhaitzek eta loreek haien usain freskuak barreiatu dituzte.
Beraien artean nabil, baina ez dira konturatzen.
Batzuetan uste dut, haien antz handia
izan behar dudala lotan,
pentsamenduak iluntzen zaizkidanean.
Nirekiko, naturalagoa da etzanik egotea.
Orduan egiten dugu lasai hitz zeruak eta biok,
eta horrela probetxugarri izango naiz azkenik etzatean ere:
orduan, behingoz zuhaitzek ukitu ahal izango naute
eta loreek astia izango dute niretzako.
Irlandako kostaldeko hilerrietan ertz bat izaten da gorderik euskaldunentzako. Hainbat marinel daude bertan ehortzirik. Irlandatik mendebaldera zabaltzen baita arrantzarako kalarik handienetako bat. Gran Sol. Ipar latituteko 48 eta 54 graduen bitartean. Gorago, 59 gradu inguruan Rockall deritzon haitz bakartia dago. Gran Soli "Great Sole" esaten diote ingelesez. Alabaina, "Sole"-k ez du eguzki esan nahi gaztelaniara hala itzuli bada ere. Solek ingelesez lengoradua esan nahi du. Bitxia. Izan ere, gutxitan izaten da Gran Solen eguraldi ona eta dagoenean itsasoaren amarru bat besterik ez da, goizetik gauera aldatzen baita eguratsa, olatuak mendi bilakatu arte. Legatza, itsasapua, oilarra, berruenda handia, arraia, zigala eta beste arrantzatzen dira han. Kontatzen dute arrantzontzi batek urpekari bat harrapatu zuela behin, eta behin baino gehiagotan Bigarren Mundu Gerrako hegazkinen hegoak.
Agustin eta Emilio anai bizkiek eta Fontanek ondo ezagutzen dute itsasalde hori. Berrogeita hamargarren hamarkadan iritsi ziren Euskal Herrira. Parranda eta animaleko lana izan zen garai hartan haien bizimodua. Itsasoratzeko ordua iritsi eta moilan marinelik ez zegoela ikusi eta armadorea bila joaten zitzaien tabernetara. Tripulazio osoak egiten zuen azken erronda. Aurkitzen zituenean baldintza bakarra jartzen zion tripulazioak armadoreari itsasoratzeko: azken erronda hura dena ugazabak ordain zezala. Ez zen, bestela, ontzia portutik aterako.
Portuan izan gara haiekin solasean. Haiengana zuzentzeko patroiak askotan berba bera zerabilela esan digu Emiliok, haiek ulertzen ez zuten euskarazko berba bat: xeme. Urtebete ez da izango, berba hartaz gogoratu eta zer esan nahi zuen alabari galdetu ziola Emiliok. Irribarre eginez eman ei zion alabak itzulpena.
Itsaso beteko harridura sortu zitzaion marinel zaharrari xeme berbak galegozko fillo esan nahi duela jakin zuenean.
AGUSTIN, EMILIO ETA FONTANEN KONTAKIZUNAK
EMILIO: Agustin etorri zen lehenbizi.
***
AGUSTIN: Mutil bat aurkitu nuen trenean, Aspekoa, soldadutzatik zetorren.
—Nora zoaz?— Galdetu zidan.
—Nahi badut Alemaniara edo beste nonbaitera...
—Marinela zara, ez?— Berak.
—Bai.
—Ba ni Ondarroara noa.
***
EMILIO: Neka-neka eginda nengoen hamabi orduko bidaia zela eta. Komunera ere ez nintzen joan, zinera joan nintzen, goiko aulkietara. Jaitsi nintzenean neska guztiak begira begira jarri zitzaizkidan. Haietariko batek, Consuelok, "Hola Agustin" esan zidan. Dotore-dotore zegoen, artista bat ematen zuen. Eta ni herritik etorri berria. Ez nuen ezer ulertzen.
—Nola ezagutzen nauzu, oraintxe etorri naiz eta?— Galdetu nion.
—Baina, zu ez zara Agustin?— berak.
—Ez, ni bere anaia naiz.
Baltseora joan ginen eta neska harekin dantzatu nuen nire lehen pieza. Hiru pieza jotzen zituzten, gero atsedena, beste hiru pieza, atsedena eta beste hiru. Bederatzi pieza izaten ziren guztira.
***
AGUSTIN: Gustuko nuen hemengo giroa. Gustuko nuen Galiziakoaren antza zuelako: parrandarako, ibiltzeko, edateko... Askatasuna zegoen. Ez dut esaten politikoki, politikan ez zegoen ezer, ezer ez.
***
FONTAN: Gehien hirurok batera arrantzatu dugu. Bederatziehun kaxa sare-botatze bakar batekin. "Luna y sol"-en. Sugina, abadira eta legatz batzuk. Arrainik gehien etxada bakar batekin: hiru ordu, bederatziehun eta berrogei kaxa.
***
EMILIO: Infernua da hori. Batzuk nahiago zuten bakailaotara joan Gran Solera baino. Han badago toki bat beti eguraldi txarra dagoena. Porto Pim aldea.
FONTAN: Porto Pimera iritsi eta bare egoten zen. Marea mundiala izango da, pentsatzen zenuen. Gau hartan bertan, haizea alde batetik, gero bestetik, ez zenekien zaparrada nondik zetorren. Largatzera joan eta amaitu orduko arropa aldatu behar.
***
AGUSTIN: Baina ondo moldatzen ginen. Beti leku berera joaten ginen. Hamabi egunetan ez genuen lehorrik ukitzen. Bi edo hiru egun etxean eta gero han zortzi egun lanean, geratu barik. Arrain asko zegoen.
Hori bai, suerte onekoak izan gara, beti errespetatu gaitu itsasoak.
Garai hartako marinelen moduan egin behar dugu gaur parranda. Afaria egin etxea agurtzeko, mendearen akabera egunean. Gutxi barru moztuko dute argindarra. Dena hustu dugu sukaldea eta mahaia izan ezik. Gainontzeko etxeak ere erdi hutsik daude. Buñuelen liburuko beste pasarte bat etorri zait burura. Toledon egiten zuten haiek parranda. Horretarako ordena antzeko bat ere sortu zuen. Arestik ere bazuen berea. "Malgizonarena" esaten zion. Buñuelen ordenan sartzeko ezinbesteko baldintza bakarra zegoen, gaupasa egitea.
Horietako gau batean, itsu bat aurkitu zuten kalean eta bere etxera joateko gonbita egin zien. Etxeko guztiak ziren itsu. Hortaz, ez zegoen etxe osoan inolako argirik. Harrigarriena hormetako kuadroena zen. Kuadroak ilez eginda zeuden, ukimenaz ikusteko. Kuadroek irudikatzen zutena hilerriak ziren. Ilezko hilobiak, hilezko altzifreak.
Parranda eguna dugu gaur, itsuen eguna.
|