Raul Romo, Josu Izagirre, Koldo Uriarte eta Hasier Oleaga dira taldekideak
Errabal euskal jazzaren zigiluaren eskutik Santpau 44 talde gasteiztarrak kaleratu berri du lehendabiziko diskoa. Raul Romo saxoak, Koldo Uriarte piano-jotzaileak, Josu Izagirre kontrabaxuak, Hasier Oleaga bateriak eta Alejandro Mingot gitarrista gonbidatuak osatzen dute jazz taldea. Zortzi kantaz osaturik, lan hori Gasteizko Araba aretoan grabatu eta El Canton de la Soledad estudioan nahasi dute, Juanan Ros teknikari eta David Gotxicoa diseinatzaile direla.
GASTEIZ
Tradiziotik sortutako diskoa kaleratu du Errabal euskal jazzaren zigilu gazteak. Miren Aranbururen lana izan zuen abiapuntu, eta Santpau 44 Quarteten musikarekin Errabal diskoetxeak bigarren argitalpena aurkeztu du. Nagore Sanz arduradunaren hitzetan, «gure filosofiari jarraituz, jazz musika egiten duten euskal musikari onak bultzatu nahi ditugu. Talde honekin lorturiko emaitza, hortaz, modernoa, freskoa eta indartsua izan da».
Santpau 44 taldeak lehendabiziko diskoa kaleratu berri badu ere, kideek urteak daramatzate jazz musika batera jotzen. «Bertan dagoen aukera falta zela-eta, gutako batzuk Bartzelonara joan behar izan genuen jazza ikastera; Raul, berriz, Bostonera joan zen. Ordutik jotzen ibili gara, eta dagoeneko guztiok Gasteizen gaudenez, errazagoa izan dugu proiektu egonkorra osatzea, gainontzeko jazz taldeekin gertatzen ez den bezala», aipatu dute taldeko musikariek.
Raul Romo saxo, Koldo Uriarte piano-jotzaile, Josu Izagirre kontrabaxu eta Hasier Oleaga bateria-jotzaile gasteiztarrek osatzen dute taldea, Alejandro Mingot Bartzelonan ezagutu zuten gitarra-jotzaile gonbidatuarekin batera. Gazteen aburuz, «Bartzelonara joan izanak zure jakin-min bera duten pertsonak ezagutzeko aukera ematen dizu; Alejandro, esaterako». Bestetik, taldearen izena Bartzelonan bizi ziren kale eta ate zenbakitik sortua da. Harreman horren ondorioz, Josu Izagirrek lehendabiziko lan den hori «disko erlajatu eta natural» gisa definitu du. «Musika eta jazza da gure grina, eta horretan dihardugu. Bartzelonan egon ginenetik gaur egun arte musikarekin esperimentatuz ibili gara», jakinarazi du Hasier Oleagak, taldeko bateria-jotzaileak.
Jazz tradizioa abiapuntu izanik, gazteek beren sormeneko zortzi kanta bildu dituzte aurreneko lan horretan. Kide bakoitzak bi abesti konposatu ditu, eta hori dela-eta, kanta bakoitzak norberaren estilo propioari jarraitzen dio. Gasteizko Araba aretoan grabatuta eta El Canton de la Soledad estudioan nahastuta dago, eta Santpau 44 taldeak Juanan Ros eta David Gotxicoa izan ditu teknikari eta argazkigile eta diseinatzaile, hurrenez hurren. Taldekideek nabarmendu dutenez, «abestiak ez ditugu bereziki diskorako egin, baizik eta mementoan jotzen ari ginenaren isla dira». Inprobisaziorako tartea ezin daiteke faltatu, Santpau 44 Quartet taldeak udan hainbat kontzertu eskainiko ditu Euskal Herriko hainbat lekutan. Lehendabizikoa, eta Gasteizko Jazzaldiaren hasierarekin bat, uztailaren 13an izango da Arabako hiriburuan dagoen Man in The Moon tabernan; uztailaren 29an, berriz, gazteak Zarauzko jazz mintegian arituko dira, eta azkenik, Gasteizko Andra Mari Zuriaren Jaien egitarauarekin bat eginez, Santpau 44 laukoteak abuztuaren 5ean Matxete plazan joko du.
|