GAUR8.info
IN FRAGANTI
Iñaki Salvador
Donostiatik hurbil, naturan egotea eskatzen zion Iñaki Salvadorrek bere bizitokiari. Pasai San Pedron aurkitu du bere txokoa. Pozik bizi da bertan, badia eta portua aurrez aurre dituela. Pozik etxearen azpian egokitu duen estudioan lanean. Maleta egiten harrapatu dugu, asteartean Kolonbia aldera baitoa, Manizalesko Antzerki Jaialdian Vaiven konpainiarekin eta bere musika laukotearekin parte hartzera
Xole Aramendi
2007ko Urriaren 05a
Garai batean, sagardo kupel artean ibiltzen ziren bezeroak Iñaki Salvadorren etxean, Pasagarte sagardotegia bertan egon baitzen. «Ondoren, baserria erre egin zen sute batean. Berritzean hiru zatitan banatu zuen familiak; bat eurentzat gorde eta beste biak salgai jarri zituzten. Guk horietako bat erosi dugu eta bestean bikote gazte bat bizi da», kontatu du.
Ni donostiarra naiz, Amara Berrikoa, eta ez dut Pasaian sustrairik. Hau niretzat puntu perfektua da: hiriburutik bost minutura nago eta natura bertan dut, azaldu du. Arrantzaleen auzo zaharrean dago etxea, itsasargirako igoeraren hasieran. Itsasoa aurrez aurre du etxeko balkoitik. Badia itxia da, portua, baina asko gustatzen zait begira egotea.
Baserria baratze txikiz inguratuta dago. Ez du aitzurrik hartzen Iñakik. Nahiko desastrea naiz, aitortu du. Horren ordez, igande batzuetan, piano elektrikoa kanpora atera eta letxugentzat jotzen du. Musika-terapia egiten dut, esan du.
Metroak ondo aprobetxatuta dauzka Iñaki Salvadorrek bere etxean. Azpialdean, lehen garajea zenaren erdia hartzen du bere estudioak. Beste erdian gonbidatuentzako logela dago. «Orain autoa kanpoan geratzen da. Besterik ez genuen behar, autoak niri metroak kentzea!», azaldu du. Duela bi urte, bertara joan zenean, gustura hartu zuen lanerako txokoa. Pisuetan bizi izan naiz eta beti gela txarrena erabiltzen duzu lanerako estudio moduan, argi gutxien duena, esan du. Orain ez du argi eskasiarik. Mirasol bezala ezagutzen dute pasaitarrek baserria. Eguzkiak ederki jotzen du egun osoan zehar!, esan du izenaz galdetzean. Garajeko atea leiho handi batez ordezkatu zuen musikariak. Estore hori batek babesten du bai eguzkitik, baita kanpokoen begiradetatik ere.
Estudioko apaletan antzerkirako, zinerako edo dantzarako sortu dituen musika partiturak, jazza irakasteko liburuak, eta grabatu dituen diskoak ikus daitezke. Bi piano ditu, bat ohikoa -ikasteko eta kontzertuak prestatzeko erabiltzen duena-, eta bestea elektrikoa. Han-hemen maletak eta bidaia-poltsak daude; musika tresnak eta trasteak garraiatzeko dira.
Pianoa salgai dauka duela urtebetetik eta, momentuz, ez da eroslerik agertu. Berria erosteko asmoa dut, Yamaha bat. Orain ditudan bien nahasketa bat izango litzateke. Gauez pare bat orduz ikasten aritzen naiz eta ondo etorriko zait, sistema elektronikoarekin erabiltzeko.
Piano zaharrak 18 urte inguru egin ditu berekin. «Pena ematen dit, musika tresna batek beti balio sentimentala du, baina garestiak dira eta saldu beharra dut bestea erosteko. Gainera, gordetzeko tokia ere behar duzu». Piano jotzaile eta musikari bezala ezagutzen dugu Iñaki Salvador, baina bere txikitako irrika elizako organoa jotzea zen. Nahikoa antiklerikala naiz, baina musika sakroa atsegin dut. Elizako organoa jotzea gustukoa nuen umea nintzenean, baino horretarako ezinbestekoa zen aurretik pianoa jotzen jakitea. Lau urteko piano ikasketak egin nituen eta, hainbeste gustatu zitzaidan, pianoarekin gelditu nintzela. Eskusoinua ere jotzen nuen, gogoratu du.
Txikitan, Marianistak eskolan, Iñaki arduratzen zen mezetan organoa jotzeaz, bertako apaizek hala eskatuta. Primeran zegoen: klaseak galtzeko aukera ematen zidan. Oso gazte hasi zen entzuleria izaten. Bai, oharkabean, entzuleen aurrean aritzeko tenplea eman zidan, esan du.
Ikasleen aurrean aritzea zer den ere ederki daki donostiarrak. Betidanik eman ditu musika klaseak eta, Musikeneren sorreratik, bertan ari da. Pozik dago lanaren emaitzarekin. Lehenengo jazz titulatuak ere atera dira jada. Betidaniko eskaera zen. Nola zitekeen musika modernoa kontserbatorioetatik kanpo egotea? Nik neuk ere inongo titulaziorik ez neukan eskola pribatuetan urte luzeko ikasketak egin arren, azaldu du.
Orain lan merkatuan sartzen ari dira, horietako asko eskola txikietan. Donostian jazz girorik ez zegoen ia eta orain jam session ugari daude astero. Kanpoko ikasleak etortzea ere garrantzitsua da, esan du.
Gazteez inguratuta egoten da Zarauzko Jazz Mintegian ere. Zuzendari pedagogikoa da, Musikeneren ordezkari moduan. Gazteek dena erakusten didate, adierazi du.
Bere kasa egin du bidea eta pena ematen dio egungo ikasleek eskura dituzten aukerak ez aprobetxatzeak. Nik ingelesez idatzita zeuden liburu apurrak ahal bezala eskuratuta ikasi nuen. Orain Musikenen, esaterako, sekulako liburutegia dute eta asko ez dira joan ere egiten. Nik, pozaren pozez, negar egin izango nukeen horietako liburu bat izan banu, aitortu du.
Musika du ogibidea, musika bizimoduaren ardatz, baina ez bakarra. Vaiven antzerki konpainiaren erdia ere bada Iñaki Salvador, Ana Pimenta bikotekidearekin batera. Maletak eginda ditu, asteartean Kolonbiarako hegazkina hartuko baitu. Manizaleseko Antzerki Jaialdira doa Vaiven konpainiarekin udan Meridan estreinatutako «Antigona» lana antzeztera -obra hori Donostiako Victoria Eugenian eskainiko dute gaur eta bihar-. Iaz euren kasa joan ziren, baina aurten Euskal Plataforma Eszenikoaren barruan doaz. «`Nasdrovia Chejov' lanarekin joan ginen aurreko urtean. Piano kontzertu bat ere eman nuen. Aurten laukotea goaz emanaldia eskaintzera», azaldu du.
Oso esperientzia aberasgarria da beretzat. «Askotan topikoa dirudi `beste kultura bat ikustera noa' esatea, baina halaxe da, benetan. Zure ikuskizuna oso era desberdinean ikusiko duen entzuleen aurrean egitera zoaz. Gozamena da. Oso aberasgarria da, askotan, egileok ere ikusi ez ditugun zertzeladak aipatzen dizkizute -kontatu du-. Ikaragarrizko pasioa dute antzerkirako, kultura handia dute. Hemen, aldiz, kultur ekitaldi asko ditugu eta erdi anestesiatuta gaude. Ez pentsa `Bienvenido Mr. Marshal' antzera goazenik haiei mundua deskubritzera. Ez, mesedez, izatekotan, alderantziz da».
Antzerkiak garai zailak bizi ditu. «Gaur egun mirari txikia da gu bezalako konpainia independenteak bizirik egotea. Ikusleek telebistako aktoreak ikusi nahi dituzte oholtza gainean. Horrek du arrakasta, ikuslegoaren krisi handia dago», nabarmendu du.
Kritikak irakurtzen ditu. «Ez dut lan horretan sinesten, ezin dut ulertu norbaitek nola balora dezakeen 10-20 minututan zure urte eta erdiko lana. Gaixotu egiten nau. Paso egiten jakin nahiko nuke baina ezin dut; artista naizen neurrian inporta zait nire lanaz zer dioten. Neurri batean edo bestean, denok daukagu egoa gure barruan. Ez daukat ze ondo egin dudan entzuteko beharrik, baina gutxienez ez dezatela gaizki jarri», argitu du.
Horrez gain, biziraupen kontua ere bada bere ustez. «Milioi asko eskatzen du antzerki ikuskizun bat aurrera ateratzeak. Eta kritikak min handia egin dezake. Pisua duten bi kritikok kontrako iritzia ematea nahikoa da salmentari kalte handia egiteko; ez da txorakeria», gaineratu du.
- urte ditu Iñaki Salvadorrek eta bi seme-alabaren aita da, Naima eta Davidena. Musikari eta irakasle ofizioaz gain, beste titulu bat estreinatu berria du Salvadorrek, aitonarena. Oraindik kosta egiten zaio `aitona' hitza bere buruari lotzea. «Nire aitaz ari direla iruditzen zait -esan du irribarretsu-. Ni 25 urterekin izan nintzen aita eta, Naima, 20rekin. 9 hilabete ditu Daniela bilobak. Ez nuen sekula pentsatu gertatuko zenik, baina halaxe da».
|