EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH



ARTISTAS

NOTICIAS

CONCIERTOS

CONTRATACIÓN

DISCOGRÁFICA

TIENDA ON-LINE


Errabal (Jazz)

Blues

Literatura

Paper Hotsak

Bosgarren haria

Ilargiak baleki

Bloody Hotsak

Suscribirse al boletín


Hemeroteka
Agindupean lan egiteak ez du mugatzen egilearen sormena


Erreferentzia da Iñaki Salvador euskal jazz musikarien artean, 80ko hamarkadatik hona jazzak Euskal Herrian izan duen ordezkari esanguratsuenetakoa.

MIKEL LIZARRALDE Berria 2007-06-15

Pasaia

Pasaiako baserri batean (Gipuzkoa) aurkitu du bere txokoa Iñaki Salvadorrek (Donostia, 1962). Han, itsasargiari begira, dauka bere estudiotxoa. Bere pianoa. Eta itsasargi hori inspirazio iturri hartuta grabatu du azkeneko diskoa: Faro (Errabal, 2006). Lan horretan euskal jazz zirkuituko musikari eskarmentudunak (Gonzalo Tejada, Javier Juanco, Mikel Andueza, Victor de Diego) eta gazteak (Hasier Oleaga, Jonathan Hurtado, Itxaso Gonzalez) elkartu ditu Salvadorrek.

Faro Donostiako Jazzaldiaren agindu baten emaitza da. Zuk nahi duzun proiektua egin ahal izatea zure ibilbidearenganako aitorpen keinu gisa ikusten duzu?

Bai, hala da. Donostiako Jazzaldia nire hiriko jazzaldia da, eta horrek asko lotzen gaitu; baina horretaz aparte, prestigio handiko jaialdia da, eta prestigio handiko jaialdi batek eskaera bat egin izana beti da nolabaiteko aitorpena. Azken batean erabateko eskua eman zidaten nik nahi nuena egiteko, gero hori oholtza gainera eramateko konpromisoarekin. Hori oso pozgarria da, batez ere konfiantza adierazten didatelako, pentsatzen dutelako badudala zer esan. Gainera, ez da hau lehenengo aldia, orain dela urte batzuk Zilbor Hestea proiektua bilakatuko zena eskatu zidalako Jazzaldiak.

Hura jazza eta euskal musika tradizionala uztartzen zituen proiektua zen.

Hori da. Ikusi zuten zein norabidean nengoen, eta eskatu zidaten proiektu jakin bat. Azkenekoak, berriz, bestelako iturri bat dauka. 40. urtemuga ospatzeko, eskatu zidaten 40 urte hauetan jazzalditik pasatutako zenbait euskal musikarirekin taldea osatzea.

Mandatupean lan egitea eroso zaizu?

Jazz musikariak, edo behinik behin inguruan mugitzen garenak, ez gara oso ezagunak. Unean unean antolatzen ditugun taldeek ez dute bira luzeak egiteko aukera handirik, eta diskoak grabatzeko eskaintzak ere ez dira izaten ugariak. Hori kontuan izanik, eskaerak beti dira proiektuak baldintza egokietan abian jartzeko aukerak, badakizulako aurrekontu bat egongo dela eta abian jarriko dela. Ondorioz, oso pozgarria da agindupean lan egitea, aginduak ez baitu sortzailearen askatasuna murrizten. Zilbor Hestea proiektuaren kasuan jazza eta euskal herri musika uztartzeko eskatu zidaten, baina hortik aurrera askatasun osoa nuen. Aginduak ez nau mugatzen.

Erronka ere bada?

Zalantzarik gabe, erronka ederrak bihurtzen dira musikariarentzat. Eta hitz administratiboagoak erabilita, jazza diruz laguntzeko modu ez zuzena ere badira, gutxiengo batzuei zuzendutako musiken alorrean sormena bultzatzeko modu egokia baitira.

Jazzaldian aurkezteko bederatzikote bat aukeratu zenuen, jazz formazioen artean oso ohikoa ez den bat.

Ez da ohikoa, baina badu bere arrazoia. Jazz big band baten formazio estandarra 18 lagunekoa da, eta horren erdia izango zuen talde bat bururatu zitzaidan. Bederatzikoteak ematen zidan aukera hainbat musikarirekin lan egiteko, eta era berean, kantu zerrenda askotarikoa prestatzeko.

Musikariak hautatzeko orduan, zure belaunaldiko batzuk eta askoz gazteagoak diren beste batzuk aukeratu zenituen. Zer dela eta?

Aukeraketa bat egitea beti da zaila, proiektu honetan parte hartu duten musikariez gain beste asko daudelako Euskal Herrian. Bi irizpide izan nituen musikariak aukeratzeko: nire ibilbidearekin noizbait gurutzatu izana, eta belaunaldi ezberdinetakoak izatea.

Eta antzera ikusten dute musika oro har, eta jazza zehazki?

Zorionez, badira ezberdintasunak musikarien artean. Nik uste dut ikuspegi ezberdinek aberastu egiten dutela edozein proiektu, eta normala den bezala, ez dituzte ikuspegi berberak 45 eta 25 urteko musikariek. Oreka bat bilatu behar da. Musika nahiko bertsu eta nahiko ezberdin ulertzen dugu. Azken batean, sintonia bat dago belaunaldien artean, musika honekiko pasioak batzen gaituelako. Eta gehiago esango nuke. Bakoitzari talde bat edo estilo jakin bat gustatu arren, guztiok sentitzen dugu pasioa jazz tradizioarenganako. Musikari gazteak beren oraina ari dira bizitzen, eta beldurrik gabe esperimentatzen dute acid-jazzarekin edo hip hoparekin; baina, era berean, tradizioaren ezagutza oso sakona dute. Horrek, nola ez, asko batzen gaitu.

Jazzak propio darama bere oinarrian interpretearen protagonismoa. Umiltasun ariketa da bederatzikote bat osatzea eta zu zeu apenas nabarmentzea?

Lehen erronkez hitz egiten nuen, eta zalantzarik gabe, halako proiektu bat abian jartzen denean, musikari guztientzako esperientzia gustagarria izatea da erronketako bat. Garrantzitsua da denok elkarrekin aritzea, baina inork bere nortasunari uko egin gabe. Hor gakoa konposizio eta konponketa prozesuan dago, eta oso garrantzitsua da musikariak eroso sentitzea konponketa horiekin. Eta, bai, arrazoi duzu. Nire izena darama proiektuak eta diskoak, nik zuzendu dudalako, baina ez dut nabarmendu nahi izan. Hori oso ondo pentsatua dago. Aurreko disko batean ni azaltzen nintzen une oro; ni eta nire pianoa (kar-kar). Eta orain bestelako begirada batekin egin dut lan. Eta izugarri gozatu dut. Neurri batean voyeur bat bezala aritu naiz; besteei begira.

Faro-n Jabier Muguruzaren munduan sartu zara, eta bi kantu berregin dituzu. Zerk erakartzen zaitu kantutik?

Testuak eramaten nau kantura. Kantuak musika hutsa izateari uzteko duen tresna da hitza, eta horrek erakartzen nau. Musika hutsa eta hitz hutsa baino askoz gehiago delako kantua. Ni jazz musikari gisa egin naiz ezagun, baina nire musika heziketa oso lotua dago kantuari. Gaztetxoa nintzela nire etxean asko entzuten zen Silvio Rodriguezen, Pablo Milanesen, Joan Manuel Serraten, Georges Moustakiren musika. Baita Haizea, Oskorri, Oskarbirena ere. Dena dela, nire ibilbide profesionalean multzo bereizietan eraman izan ditut bi esparruak, musika instrumentalarena eta abestiarena. Urteetan Mikel Laboarekin aritu naiz, kantua egiten, eta bakarka aritu naiz, jazza egiten. Normala denez, bi mundu horiek elkarrengana hurbilduz joan dira.

Mikel Laboaren lankide izan zara. Horrek lotu zaitu euskal kantura?

Baliteke. Nire musika heziketa ez dago euskal kantuari lotuta, eta ondorioz, egun batean Mikel Laboak deitu izana opari profesional gisa ulertzen dut. Denboraren perspektibarekin, nire ibilbidearentzat ezinbestekoa izan da.

Nolakoa da Mikel Laboarekin lan egitea?

Mikel ezberdina da, musika kontzeptu ezberdina duen pertsona, eta ondorioz, berarekin lan egitea ezberdina da. Kantua lantzeko modu oso berea du, eta elkarlana oso berezia da niretzat. Gainera, urteek sendotu egin duten adiskidetasuna dago elkarlan horren oinarrian, eta horrek elkarrekiko konfiantza areagotu egiten du. Eta nolakoa den elkarlana? Bada, oso bitxia da, baina Mikelekin itxuraz kontrajarriak diren bi gauza gertatzen dira. Mikelek utzi egiten dio musikariari egiten, bere nortasuna askatzen. Kantu bat ekarri eta esaten dizu gitarra jotzen duen bitartean: zuk jo ezazu, nahi duzun bezala joan zaitez sartzen. Askatasun osoa ematen dizu. Baina, era berean, eta paradoxikoa izan daiteke, Mikelek nortasun izugarria du, eta badaki nora eraman nahi duen kantua. Bidea markatzen du, baina bere musikan espazio handia dago gainerako musikariek ere beren nortasunari euts diezaioten. Eta hori berezkoa du.

25 urte pasatxo musika munduan daramazu. Asko aldatu da musikarekiko duzun ikuspegia urte hauetan?

  1. urtean gauza asko pasatzen dira, eta normala denez, orain askoz prestatuagoa sentitzen naiz. Ikasiz eta ikusiz joan naiz. Eta, hala ere, pertsona bera izaten jarraitzen dudala esango nuke, hasiera-hasieratik eklektizismoa izan delako nire lanen ezaugarrietako bat. Beti, musika inprobisatua oinarrian izan arren, hor mugitzen bainaiz. Heldutasunak sosegua eman dit. Agian, horregatik, orain birtuosismo gutxiago eskatzen duen musika konposatzen dut, musika deskriptiboagoa.

Orain Ainara Ortega kantariarekin ari zara zuzenean. Proiektu hori disko bihurtzeko asmorik baduzu?

Bai, Te doy una canción (Kantu bat ematen dizut) deitzen da proiektua, eta izenburuak dioen bezala, kantua du oinarri. Euskaraz, gaztelaniaz, portugesez, ingelesez... abestutako kantuak dira, Silviorenak, Milanesenak, Laboarenak, Lertxundirenak... Hori disko bihurtzeko asmoa daukat, eta 2008an kaleratu nahiko nuke.

mlizarralde@berria.info

Instituzioek ez diote heldu jazz orkestra sortzeko proiektuari

  1. L.

Pasaia

Musikeneko jazz atalaren sortzaile eta arduradun izan zinen. Zer ekarri dio Musikenek euskal jazzari?

Nire ustez izugarria izan da Musikenek eman duen fruitua. Oso jende ona ari da ateratzen eskolatik, eta, gainera, oso esperientzia aberasgarria ekarri du, Euskal Herritik kanpoko jende asko datorrelako hona ikastera. Horrek guztiak eragina izan du jazz giroan. Musikene Donostian dago, eta asko igartzen da, jazz giroa berpiztu egin duelako, eta jam session-ak daudelako hainbat aretotan astero. Musikene goi mailako ikastegia da, eta ondorioz, askorentzat lan munduan sartzeko bide bat izan daiteke. Baina horrek ez du mugatzen ikasleen pasioa. Jo nahi dute beste ezeren gainetik.

Orain Zarauzko jazz mintegia zuzentzen duzu. Nolako esperientzia izan da?

Zoragarria. Zarauzko Udalak eta Musikenek duela bost urte sinatutako hitzarmen baten ondorioa da, eta niretzat opari bat izan da. Irakasle-musikari bikainak kontratatuz aurrekontu bat kudeatzea beti da ederra. Eta mintegiak izugarri kalitate onekoak dira.

Pirineos Jazz Orchestraren hastapenetan ere egon zinen. Badu bideragarritasunik halako orkestra batek?

Pirineos Jazz Orchestra helburu batzuekin sortu genuen, baina ez dira pausoak eman norabide horretan. Instituzioei erakutsi nahi genien jazz orkestra bat, edo musika modernoko orkestra bat, antola zitekeela publikoa izateko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzak bi orkestra [Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Euskal Herriko Gazte Orkestra] abian jarri dituen bezala, erakutsi nahi genien logikoa eta bidezkoa litzatekeela musika modernoko orkestra bat sortzea. EOSek eta EGOk musika klasikoa eta egile garaikideen obren estreinaldiak uztartzen dituzten bezala, orkestra horrek ere egitarau bat izango luke. Ni helburu horrekin sartu nintzen proiektuan, baina instituzioek ez diote heldu.

Borondaterik ez dago?

Oraingoz ez. Eta pentsa, EOSen egoitza ez dago egun osoz okupatuta, eta hori ere erabil zitekeen. Nik uste dut kultur zentzu osoa lukeela orkestrak.

Orain badirudi bizirik dagoela jazza Euskal Herrian. Musikariak sortzen dira, diskoak grabatzen...

Duela urte batzuk baino askoz mugimendu handiagoa dago. Alde horretatik ezinbestekoa izan da ekimen pribatuaren lana, esaterako, Errabal disketxearena eta Laida zigiluaren bitartez Elkarrek egiten duena. Grabazio kostuak ere merkatu egin dira teknologia aurrerapenari esker, eta autoekoizpenak ugaritu egin dira. Eta, azkenik, Musikenek berriz aktibatu egin du zirkuitua, Musikene bera askorentzat elkargune bihurtu delako. Donostiako Jazzaldiak bertako taldeentzako atal bat antolatu izanak ere Musikenek ekarritako bizitasunari erantzuten dio.

Jazzaldien denboraldiaren atarian gaude. Zer iritzi daukazu haietaz?

Alde batetik, iruditzen zait maila oso handiko kultur ekitaldiak direla jazz jaialdiak. Jazzaldietara musikari bikainak etorri ohi dira, eta kontzertu oso onak ikusten ditugu. Hori ukaezina da. Donostia batean Miles Davis, Dexter Gordon eta abar egon dira! Hori esanda, ez da ahantzi behar jazzaldiak turismo eskaintzaren parte direla, eta turismoa erakartzeko tresna ere badirela. Munduko hainbat hiritan aurkezten dituzte jazz jaialdiak udaberrian eta hori Jaurlaritzako turismo sailak antolatzen du. Baina normala da. Turismoari lotuta egongo ez balira, jaialdi bakoitza urteko garai batean antolatuko lukete, eta ez gaur egun bezala, bata bestearen gainean pilatuta. Baina logikoa iruditzen zait, kultur irizpideaz gainera, beste irizpide hori ere erabiltzea. Ni ez naiz jazzaldiekiko oso kritikoak diren horietakoa, jazzaldiek urte osoko hutsunea estaltzen dutela dioten horietakoa. Izan nintekeen lehen, baina onartu beharra dago urte guztian ere ugaritu egin dela jazz eskaintza, Donostian behinik behin. Baina esan bezala, ez dezagun ahantzi jazzaldiak eskaintza turistikoari lotuta daudela. Eta jazzaldietan gero eta pop edo rock eskaintzak izatea ere horrekin du zerikusia.


INAKI SALVADOR





Conciertos





Hemeroteca


ARTISTAS
· 7 SÓIS 7 LUAS
· BELCEBLUES
· BIDE ERTZEAN
· BLUEDAYS
· CONXITA
· COOL CIRCUS
· FESTIVAL ERRABAL JAZZ
· EL DOGHOUSE
· ESNE BELTZA
· GABY JOGEIX
· GAINSBOURG GAINBEGIRATUZ
· HOTSAK DANTZAN
· JJBAND
· J.L.PARDO & THE MOJO WORKERS
· JERONIMO MARTIN TRIO
· JOSERRA SENPERENA
· JUAN DE DIEGO TRIO
· KANEVSKY
· KARELEAN
· KATAMALO
· KEMEN LERTXUNDI
· KEU AGIRRETXEA
· KOKEIN
· LOS CORONAS
· LOS REYES DEL K.O.
· MAMBA BEAT
· MARTA SANCHEZ TRIO
· MORAU
· OSTOLAZA ETA PUJANA
· PETTI
· ROGELIO BOTANZ
· SEÑOR NO
· SEXTY SEXERS
· SPECIAL 20
· SURFIN KAOS
· TAPIA ETA LETURIA
· TERELA GRADIN QUINTET
· THE BLIND LEMONS
· THUNDER EXPRESS
· TIGER! TIGER!
· TRES MIL HOMBRES
· TXUMA MURUGARREN
· UEK
· ...artista gehiago

Gaztelupeko Hotsak · Errabal, 23 · 20590 SORALUZE (Euskal Herria) · Tel.: +34 943 753 016
gaztelupeko@hotsak.com

EU EN FR


Webgune honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du