JON ESKISABEL
Ameba izenarekin bi kantuz osaturiko single bat eta maketa bat kaleratu ondoren, Sexty Sexers taldeak bere lehen diskoa kaleratu berri du, Iluntze berri baten zain (Gaztelupeko Hotsak). Berako (Nafarroa) boskoteak rock'n'roll klasikoaren moldeak erakusten ditu Garate estudioetan Kaki Arkarazorekin grabaturiko estreinako lan honetan. 70eko hamarkadako klixe onenekin batera, generoaren oinarrizko erritmoak ageri ditu, dio disketxeak banatutako promozio orriak, eta Radio Birdman, The Who, AC/DC eta 80ko hamarkadako Los Angelesko (AEB) taldeak aipatzen ditu Sexty Sexersen erreferentzia modura.
Joseba Baleztena Electric Child (gitarra), Julen Irazoki Juzz Suicide (gitarra), Inaxio Agara Loverman (bateria), Xiker Salaberria Freezer (baxua) eta Mikel Larratxe Mike Strangelove (ahotsa) dira taldekideak, baina diskoan zenbait kolaboratzaile izan dituzte, tartean Petti, Beñardo Goietxe (Morau eta Agotak) eta Koldo Soret (Surfin Kaos). Diskoak 11 abesti biltzen ditu, horietako bat The Yarbirdsen Heart full of soul kantuaren moldaketa da, eta Larrupean pozoia kantuaren bideoklipa. Sexty Sexersek Volcom ent, Band joust lehiaketan Europako talde onenaren saria irabazi zuen, eta Gluecifer taldearekin jo du, bestea beste.
|