Kokein talde eibartarrak Lotuta egon arren bere bigarren lana kaleratu du Gaztelupeko Hotsak diskoetxearen eskutik. Iker (gitarra), Zaloa (ahotsa), Txiltxes (gitarra), Jatsu (baxua) eta Lete (Bateria) dira Kokein taldeko kideak. 2000. urtean ezagutarazi zuten taldea lan labur baina indartsu baten bidez. Oraingo honetan, lehenengo luzearekin datoz, kontzertu pilo bat eman eta gero.
Lehen laneko ildoari jarraituz, "barru-barrutik ateratako kantu intimistak" bildu dituzte Lotuta egon arren diskoan, baina azkenaldian musikak eta euskal kulturak oro har jasa dituen erasoak direla bide, "abesti sozialagoen" aldeko apustua egin dute, Lete bateria-jotzaileak adierazi duenez.
Rafa Ruedak produkzio artistikoa egin eta nahi zuten soinua lortzen lagundu die. Kolaboratzaileen artean, nabarmentzekoak dira Maite Arroitajauregi txelo-jotzailea "Urperiko arimak" kantan, eta Rafa Rueda bera, ahotsa sartu baitu abestiren batean.
|