Donostia BERRIA 2007-0808-12
Sei urteko ibilbidearen ondoren, irailaren 5ean egingo du azkeneko emanaldia Karidadeko Benta taldeak, Getxofolk jaialdian. Aurretik, abuztuaren 31n, despedidako kontzertu berezia egingo du Zumaiako hondartzan. Bi emanaldi horietaz gain, beste lau baino ez dituzte aurreikusiak taldeko kideek: bihar, abuztuaren 13an, Donostiako Aste Nagusian ariko dira; abuztuaren 21ean, Bilboko Aste Nagusian; abuztuaren 15ean, Luhuson (Lapurdi); eta abuztuaren 17an, Mañariko (Bizkaia) plazan.
Sei kidek osatzen dute Karidadeko Benta: Jon Maia (kantaria), Aran Santamaria (kantaria), Inazio Tolosa (klarinete, tronpeta eta saxofoi jotzailea), Jon Manzisidor (Arabiako laut jotzailea), Imanol Manterola (perkusio jotzailea) eta Domentx Uzin (helikoi eta biolin jotzailea). Sorkuntza arlo bat baino gehiagotan arituak dira Karidadeko Bentako kideak: bertsolaritza, antzerkigintza, arte plastikoak, literatura, musika klasikoa, rock musika, Zumaiako Udal Banda...
SEI URTE, HIRU DISKO. Lehen emanaldiak 2001ean egin zituen Karidadeko Bentak, eta 2003an kaleratu zuen aurreneko diskoa, taldearen izen bera izenburu hartuta. Beste bi disko ere plazaratu ditu gero: Amore, amore eta San Quirico.
Duela 100 urte inguru Villabona eta Zizurkil artean zegoen benta baten izena da Karidadeko Benta. Pello Errota eta inguruko beste hainbat bertsolari maiz elkartu ohi ziren han. Giro haren omenez, benta haren izena berreskuratu dute Karidadeko Benta taldeko kideek.
|