Getxoztarra jaiotzez, Belgikan eta Frantzian bizi izan da Gaby Jogeix gitarra jotzaile eta abeslaria. Egun Madrilen bizi bada ere, Gaztelupeko Hotsak disketxe gipuzkoarrak argitaratu dio azken lana. Francisco Simon-en produkziopean disko ederra sortu du bizkaitarrak. Gustu handiz grabatua eta interpretatua, rythm & bluesa eta bluesa dira Steel the blues-en oinarriak. Sei hariak ederki astintzeaz gain, abeslari fina ere badela frogatu du Jogeixek. Diskoan bere kantuak eta zenbait klasikoaren moldaketak bildu ditu: Jimmi Hendrix-en Voodoo Chile, Irving Mills-en Saint James Infirmary, Wade In The Water tradizionala eta T-Bone Walker-en Stormy Monday. Gitarra eta teklatuz girotutako pieza bikainarekin hasten da diskoa: Calling. Segidan, blues klasikoena dakar TV Mama-k. Hiru kantu instrumental daude: San Diego eta Cuerdas Rotas abestietan Jogeixek slide gitarrarekin duen abilezia erakusten du; All 2 One, berriz, Ñaco Goñi eta Juan Beer-en harmonikaren, C. Gutierrez-en teklatuaren eta Simon eta Jogeixen gitarren arteko solasaldi atsegin eta dantzagarria dugu. Badira zenbait hilabete Madrilen diskoa aurkezten dabilela. Euskal Herrira laster etorriko den esperantzarekin jarraituko dugu.
www.matraka.info
|