Four Friends 1999ko azaroan sortutako taldea da, Deustuko Mr. Jam Musika Zentrua haien abiapuntua delarik. Egiten duten musikak hainbat alor jorratzen ditu. Swing-a eta jazz-a nagusi badira ere, haien lanean beste estilo klasiko batzuetara irekiak daude: blues-a, bossa, funk-a, rockabilly-a eta pop-a, guztiak bat eginez.
Dzanga (Gaztelupeko Hotsak) da talde honen azken lana. Oraingo honetan, Bilbop lehen diskoan jorratutako estiloa erabat baztertzeke, zabaldu egin dute haien musika-esparrua: bai erakusten dizkiguten musika estiloak kontuan hartuz gero, baita taldekideen kopurua eta kalitatea aipatzerakoan, eta azkenik, diskoaren ekoizpen landuagoan ere nabarmen daitekeelarik.
Dzangan uztartu dituzten musika estiloak aipatzerakoan aniztasuna da ezaugarri nagusi; beraien jardueran ohikoa den swing elektrikotik hasita, hainbat estilotako kantak aurki ditzakegu: rockabilly-ak, mambo-ak, jazz-ak, blues-ak, soul-ak, funk-ak eta pop-ak diskoan isla dutelarik. Besteak beste, Four Friends taldea afroamerikar musikaren eraginez blai dagoela bistakoa da. Aniztasunaren bidetik, norbere eta inoren kantak aurki ditzakegu. Dzangan, lehen aldiz taldearen ibilbidean, formatu instrumentala ahotsarekin osotu dute hitza duten lau kantatan, ingelesa eta auskara komunikazio bide erabili dituztelarik.
Four Friends taldean, ohikoak diren taldekideez gain -Iñaki Iraeta (gitarrak), Jorge Gomez (bateria), Fernando Iraeta (baxua) eta Eneka Albizu (gitarrak)- azkeneko urteetan emanaldi eta grabaketetan izan dituzten adiskideak ere badaude -Joe Gonzalez (saxoak) eta Carlos Jover (harmonikak).
|