Jon Eskisabel
Izar Herran abeslariaren ekarpena da Four Friends taldearen bigarren diskoak, Dzanga-k, dakarren nobedade nagusia. Haren laguntzaz jazz laukote bilbotarra orain artean jorratu gabeko esparruan murgildu da, pop musikarenean, diskoa irekitzen duen Gure ezpainen derrota kantuan bezala. Davenportek eta Cooleyk sortutako Fever klasikoari ere ahotsa jarri dio Herranek, hala nola taldeak berak sortutako Enough of you blues baladari, besteak beste.
Taldearen aurreko diskoan bezala, Bilbop (2004), bertsioak dira nagusi Four Friendsen grabazio berrian, baina deigarria da aukeratutako izenburu batzuen distira: Miles Davisek Kind of blue disko mitikoan grabatutako So what pieza ezaguna eta Marvin Gayeren What's going on klasiko handia, joan den mendeko kanturik onenetakoa. Musika hutsezko moldaketa egin du Four Friendsek. Lehen diskoan swing eta jazz musikari lotutako ildo nagusia zabaldu egin den seinale dira aipatutako kasuak, baina ez bakarrak, rockabillya (Swinging mama, Dzanga) ere barneratu baitu taldeak. Iñaki (gitarrak) eta Fernando Iraeta (baxua) anaiek, Jorge Gomezek (bateria) eta Eneka Albizuk (gitarrak) osatzen dute Four Friends 1999tik. Zuzenean trebaturiko taldea da, eta hirurogeita hamar kantuko errepertorio batetik aukeratzen dute zer jo. Bilboko Kalderapekon antolaturiko Literatur Jazz saioetan parte hartu zuen bi urtez.
Dzanga
Taldea: Four Friends.
Disketxea: Gaztelupeko Hotsak.
Bertsioak: Fever (Davenport/Cooley), So what (M. Davis)), 'What's going on' (M. Gaye), Sugar (Stanley Turrentine), Swinging mama (Tiny Grimes).
www: www.fourfriendsmusic.com.
|