Berria
Kritika MIKEL LIZARRALDE
Asteazken buruzuri eta haizetsuan jende kopuru polit bat elkartzea lortu
zuen Bide Ertzeanek asteazkenean Donostian. Non dira zuten aurkezteko, 36ko
gerrak utzitako sufrimenduaren lekukotza zuzena eskaintzen duen diskoa,
baina aurkezpen hutsaren gainetik bazituen kontzertuak berezi egiteko
hainbat elementu; hala nola, etxetik gertu egiten zuten lehenengo kontzertua
izatea eta gonbidatuen parte hartzea (Gorka Urbizu eta Mikel Erentxun). Eta
taldea onik atera zen; sendotasun handia erakutsita, nahiz eta Fran Iturbe
gitarristak ez zuen jo. Haren lekua Imanol Goikoetxeak bete zuen, ondo bete
ere.
Esku artean disko berezi bat duten jakitun dira Imanol eta Joni Ubeda nahiz
Karlos Aranzegi. Pop eta folk melodien atzean istorio ugari -gehienak
mingotsak- gordetzen dira, eta Imanolek esfortzua egiten du zuzenean kantu
bakoitza bere testuinguruan kokatzeko. Nola sortu zen eta zer esaten duen
azaltzeko. Eta eskertzen da. Gai jakin batean oinarritutako emanaldiak ezin
duelako izan kantu zerrenda huts bat.
Manuel Goenagak kontatutakoa-rekin hasi zuten kontzertua, eta berehala ikusi
zen taldeari askotan lotzen zaion akustikotasunak beste forma batzuk hartzen
dituela zuzenean. Elektrikoagoak eta indartsuagoak. Joserra Senperenaren
parte hartzeak ñabarduraz janzten du taldearen soinua, eta taldeak berak
eskertzen du. Sendotasuna eta batasuna erakutsi zituen, behinik behinik,
Donostiako emanaldian. Azken diskoko kantu ugari entzun ziren: Gau ilunean
ederra-La Buena Vidarena ematen du hasieran-, Bai berriro, Gazte ziren, aske
ziren, Haien bihotzen taupadak gara, Les dones del 36 hunkigarria emakume
katalanei eskainia eta Ez dut atzera egingo pop melodia perfektua Urbizuren
laguntzarekin. Zaharrak ere berreskuratu zituzten; Lilian -Erentxun animatu
batekin-, Zerotik hasi eta Hotel Bel-Air, Mikel Ibargurenen hitzekin
idatzitako pieza magikoa, besteak beste.
Bide Ertzeanen aurretik, Mikel Aranzabal gazteak bere lehenengo diskoa
izango denaren kantuak eskaini zituen gitarra hutsarekin. Oraindik
inozentzia nabaritzen zaio zenbait unetan, baina baita herabetasun eza ere,
eta ordu erdi eskasean formatu akustikoko kantu sorta polita eskaini zuen.
Popetik eta folketik edanez baina rockaren indarra ere baliatuz.
Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa Eguna: Azaroak 15
|