2006/10/27 HIRU.COM
Bide Ertzean taldeko kideek lan berria aurkeztu zuten atzo eguerdian, Bilboko Kafe Antzokian. Gaztelupeko Hotsak diskoetxearekin kaleratu dute Non dira seigarren diskoa eta Gerra Zibilaren inguruko istorioak bildu dituzte bertan.
Memoria historikoa berreskuratzeko lana egin dute Ubedatarrek, euren etxean 36ko gerra zela eta, aita eta aitonak bizitakoak oinarri hartuta kanta berriak egiteko. Ubeda anaien etxekoek 36ko gerran bizi izandako gertaera latzak dira diskoaren abiapuntua.
Abesti berriak Andoainen, Garate estudioan grabatu dituzte udan, eta nahasketa lanak irailean egin dituzte. Gainera, musikari biren laguntza izan dute. Gorka Urbizu Berri Txarrak talde nafarraren abeslariak eta Quique Gonzalez kantautore madrildarrak parte hartu dute diskoan. Urbizuk Ez dut atzera egingo kantan kolaboratu du eta Gonzalezek, berriz, Non dira izenekoan.
Karlos Aranzegik (bateria eta perkusioa) adierazi zuenez, apaindura gutxiko abestiak egin dituzte atzo aurkeztutako diskoan. Gainera, Joserra Senperenaren pianoak kantak minimalismora eraman dituela eta popa eginez folkera ere hurbildu direla esan zuen Aranzegik.
Jon eta Imanol Ubeda anaiak, Fran Iturbe, Karlos Aranzegi eta Joserra Senperena dira taldea osatzen duten musikariak. 1998. urtean merkaturatu zuen lehen lana talde tolosarrak, eta Zuen Minari, Grisa eta Maite Out diskoak plazaratu zituen, ondoren. Non dira diskoaren aurrekoa 2004an publikatu zuten, Esan bare izenburupean
|