Audience izango da hilaren 23an eta 24an Bartzelonan egingo den Primavera Sound nazioarteko musika jaialdian joko duen Euskal Herriko talde bakarra. Ager, Andoni, Gaizka, Hannot eta Mikelek osatzen dute taldea. Gernikarrak izatez, beren musika penintsula osoan barrena zabaldu dute, eta munduko talde handiekin ere aritu dira.
Bartzelonan hilaren 23an eta 24an egingo den Primavera Sound jaialdian sonic Youth, Television, Belle & Sebastian, Teenage Fanclub eta The Streets taldeek joko dute. Haiekin batera han izango da Audience euskal talde gernikarra.
Zuen estreinako diskoa atera zenutenetik urtebete baino gehiago igaro da. Urtebete honetan hainbat gauza egin dituzue.
Diskoa 2002ko otsailean kaleratu genuen. Diskoa egon behar den lekuetan egotea, sustapen egoki bat izatea edo bira txukun bat aurrera eramatea lan zaila da, eta gure mailako taldeetan normalean musikarien eginbeharrak ez direnak gure gain hartu behar izaten ditugu. Diskoa grabatu ondoren bira bat egin genuen penintsula osoan barrena. Era berean, jende asko ezagutzeko aukera izan dugu, eta beren erreakzioak ikusteko. Guretzat erreferentzia taldeak izan diren batzuekin ere jo dugu; beti izango ditugu gogoan Gallon Drunk, Red House Painters, Luna, Trans Am, Karate eta At the Drive In taldeekin izandako kontzertuak, eta berekin harremana. Gaur egun bai Bartzelonara zein Madrilera goazenean 200 lagun inguru biltzen dira gure kontzertuetan, eta hori oso garran-tzitsua da taldearentzat. Ontzat jo dugu, baina horrek ez du esan nahi lortutakoarekin konformatzen garenik. Talde izanik oraindik asko hazi behar dugu nahi dugun tokira heltzeko.
Udako jaialdiak direla-eta, Euskal Herriko talde bakarrenetakoa izan zarete jotzen bai Benicassimen bai Bartzelonako BAMen, eta orain Primavera Soundera doan euskal talde bakarra zarete.
Jaialdi handietan jotzea bizipen handia da; maila askoko taldeen pare gure onena eman beharra ikusten dugu, eta kasu hauetan izaten ditugun baliabideak -probatzeko tarte gutxi, ordutegi estu eta ez egokiak-, askotan ez dira aproposenak. Bestetik, musika arloan zer esan handia duen jendea -hedabideetako jendea, sustatzaileak eta kritikoak- egoten da, eta hori beti da pozgarria eta interesgarria.
Eta nola ikusten da nazioarteko taldeekin konparatuz?
Jaialdi horietan jotzen duten atzerriko taldeek oso maila handia izaten dute, hori ez da arrazoia kanpoko taldeak hobeak direla pentsatzeko. Beren sorterrietatik guregana heltzeak esan nahi izaten du puntako taldeak direla, eta askotan gurea baino musika tradizio garatuagoko herrialdeetatik datozela. Hauetan azpiegitura egokiagoak daude musika talde batek bere bidea jorratzeko (batez ere kontzertu aretoei dagokienez, kontzertuen zirkuitu egonkor eta aktiboagoak, komunikabideen eta prentsa espezializatuaren benetako indarra).
Euskal Herritik kanpo gehigo jotzen eta saltzen duzue. Zergatik?
Hasteko esan behar da gure lehenengo diskoa Mallorkako diskoetxe batekin atera genuela, eta berek estatuko zirkuituan lan egiteko ohitura dutela. Horretaz gain, badirudi egiten dugun musikak ez duela Euskal Herriko merkatuan harrera ona izateko ezaugarririk; batetik hizkuntzarena dago -ingelesez abesten dugu- eta, gainera, gure erreferentzi taldeak ez dira askotan arrakastatsuak. Argi dugu gure musika estiloa ez dela bat-bateko arrakasta lortzeko ohikoa izaten.
Bartzelonako Primavera Sound jaialdira doan euskal talde bakarra da zuena.
Badirudi euskarazko musikaren merkatu naturala Euskal Herrira mugatzen dela, eta ez dakigu kanpoan bertoko musikari jaramon gutxi egiten zaiolako edo bertoko diskoetxeek apustu hori egiten ez dutelako den. Ikaragarri pozik gaude Primavera Sounden joko dugulako. Jaialdiaren antolatzaileak "Rock de Lux" aldizkariaren ingurukoak dira. Duela hilabete batzuk aldizkari horren 200. alea ospatzeko jaialdian jotzeko gonbidapena jaso genuen Bartzelonatik. Jende asko etorri zen kontzertua ikustera eta primerako harrera izan genuen. Uste dugu gure kasuan hori izan dela beste jaialdi horretarako deitzeko arrazoietako bat.
Zuen herrian badaude talde arrakastatsuak; Gatibu eta Ken Zazpi esaterako. Ez daukate zer ikusirik zuen jarrerarekin eta musikarekin. Zein da egungo Gernikako egoera?
Gernika berez musika kezka handia duen herria da, eta argi dago Gatibu eta Ken Zazpi direla jendeak ongien ezagutzen dituenak. Hala ere, badaude beste talde asko bidea jorratzen, eta talde horiek egoeraren araberako arazoak dituzte. Horiei aurre egiteko sortu zen Iparragirre Rock Elkartea. 30 talde inguru dituen herriak entseiatzeko lokalik ez izatea harrigarria da. Ekimen asko egin ditugu Gernikako jendea eta Udala egoeraz jabetzeko, eta hori bukatzeko. Gaur egun Ajangizko Udalak eskainitako lokal batean entseatzen dugu talde gehienok, eta askotan ordutegi arazoak izaten ditugu.
Ingelesez abesten duzue, eta zuen musika erreferentziak ez dira ohikoak; kanpora askotan joaten zarete. Nola ikusten duzue Euskal Herriko musika alorra?
Inoiz baino hobeto. Gure ustez, penintsulako talde onenetariko gehienak euskaldunak dira (Lisabo Akauzazte, Atom Rumba, Petti, Split 77). Talde horiek eta beste askok orain arte Euskal Herrian jorratzen ez ziren estiloak bereganatu dituzte. Eta batzuetan espainiar Estatuan estilo horren erreferente bihurtu dira.
Bestalde, zer da Young Talent Show?
Young Talent Show Gaizkak eta Hannotek osatzen duten taldea da, Agerren laguntzaz. Hannotek eta Gaizkak aspaldidanik konpartitzen dute musikarako zaletasuna, eta horren ondorioz sortu zen YTS. Hasieran etxean jotzen genuen, akustika bat eta gitarra elektriko bat erabiliz. Duela gutxi sei kantuz osaturiko CD bat grabatu genuen, eta oraingo honetan entzuleria zabalagora heltzen saiatuko gara. Ainara Legardon abeslari madrildarraren biran parte hartuko dugu, bai bere taldeko musikari gisa bai YTS jende artean aurkeztuz. Kontzertuetan gure abestiez gain Mikel Laboaren "Txoriak Txori" abestia jotzen dugu. Kolaborazio horren ondorioz kontzertu ugari egin ditugu, eta aurten argitaratuko den diskoan parte hartu dugu The Walkabouts taldeko Chris Eckman, The Posies taldeko Joe Skyward edo Radio Futurako Carlos Torero musikariekin.
Publikoa zuen bigarren diskoaren zain dago. Noizko izango da kalean?
Bigarren diskoa uda honetan grabatuko dugu Tio Pete estudioetan Jose Lastrarekin, eta urrian argitaratuko da dena ondo badoa. Kantu bilduma osaturik daukagu, eta oso pozik gaude abesti berriekin. Bigarren disko horrekin dugun helburuetako bat bira dezente bat egitea da. Atzerrira ateratzeko asmoa dugu. Finlandia eta Herbehereetan ere izan ginen, eta bide horri jarraitu nahi dugu. Europako zenbait disko banatzailerekin harremanetan gaude. Adibidez, esan dezakegu Frantzian dezente saltzen dugula, nahiz eta bertan inoiz jo ez izan. Kanpora irteteaz gain ere gustatuko litzaiguke euskal entzulearengana heltzea eta Euskal Herrian kontzertuak ematea.
|