Audience talde gernikarrak ‘‘Second handed’’ lana atera berri du
Testua: N. F. Z
Argazkiak: Noizpop
Gogotsu eta ilusioz gainezka daude Audience taldeko Hannot, Ager, Andoni, Gaizka eta Mikel argitaratu berri duten ‘‘Second handed’’ diskoarekin. Hamar abestiz osatu dute euren bigarren diskoa, denak ingelesez kantatzen dituzte bat izan ezik, ‘‘Beste zeruaren azpian’’ hain zuzen. Boskote gernikarrak zabaldu du Noizpop azpizigilu berriaren eskaintza, beraiena baita kaleratzen duten lehenengo lana.
Musikari gernikarren musika asko entzuten dutela aitortu zuten aurkezpenean, baina gustuko dituzten taldeak ez direla ezagunegiak ere. Atzerriko taldeetaz gain, bertakoen artean ere makina bat dituzte gogoko: Petti, Dut, Miztura eta Lisabo, esaterako.
Askotariko estiloak
Audience taldearen musika estilo ezberdinetan uztarketa argia da. Gotzon Uribe Noizpop zigiluko arduradunaren iritziz, «ez da ohiko talde bat, instrumentu ezberdinak erabiliz sonoritate ezberdinak uztartzen dituzte modu bitxi batean». Blues garra-tza, aire tejanoak, rocka, punka... eta beste osagai ugarirekin prestatu dute gernikarrek ‘‘Second handed’’.
Audiencek badaki Euskal Herrian entzuten denaren eredutik kanpo dagoela euren musika: «Hemen ez da askorik entzuten horrelako musika, baina hemendik kanpo ere ez dakit ba... Guretzat erreferentziazkoak diren taldeak ere ez ditu jende askok ezagutuko», azaltzen du Hannot Mintegiak, taldeko abeslari eta gitarra-joleak.
‘‘Second handed’’ taldearen bigarren diskoa da, lehenbizikoa Mallorcako Primeros Pasitos etxearekin atera zuten; «Euskal Herriko diskoetxe guztietara bidali genuen lehenengo, baina...», gogoratzen du Gaizka Insunza piano eta gitarra-joleak. Hala ere, Mallorca urrutiegi egin zi-tzaien: «Ez genekien zertan ari ziren gure diskoarekin, zelan funtzionatzen zuen. Orain tratua zuzenagoa eta arinagoa da».
Aurreko diskoa baino «estilo zuzenekoagoa» duela nabarmentzen dute taldekideek. «Aurrekoa zuzenean jotzeko zaila zen; hau, berriz, dinamikoagoa da, lehenengo entzunaldian goza zenezake erritmo eta melodiekin», dio Gaizkak.
Dagoeneko hainbat kontzertu ditu hitzartuak Audiencek, gehienak kanpoan. Euskal Herrian hiru data dituzte zehaztuak: azaroaren 21ean Iruñean, Las Caballerizasen, abenduaren 26an, Bilboko Kafe Antzokian eta abenduaren 2an, Gernikako Liceoan. Urtarriletik aurrera Donostia eta Gasteizera ere joango dira, Bilbon bezala, Atom Rhumba taldea lagun dutela.
|