Markina-Xemein
Aterkings, Brankan eta Safety Pins taldeen rock-a Uhagonen
Rock´n Roll gaua egongo da bihar Uhagonen, Mutrikuko Brankan, Markina-Xemeingo Aterkings, eta Bilboko Safety Pins taldeekin.
Iazko urteko azken zapatuan egin zen lehenengo Rock´n Roll gaua, eta arrakasta handia izan zuen. Beraz, Uhagonek, Aterkinseko kideekin batera, eta Udalaren laguntzagaz, rock giroko kontzertua antolatu du. Rock & Roll giroa izango da nagusi jai giro borobila sortuz, azpimarratu dute antolatzaileek.
Hasiera batean, Aterkings ez zihoan jotzera, iaz parte hartu zuen-eta. Hala ere, azkenean animatu egin dira, euren lagunen artean galdetu, eta Brankan eta Safety Pins gonbidatu dituzte Rock´n Roll gauera.
Punk eta Rock doinuak
Brankanen stoner ikutuak emango diote hasiera gauari. Mutrikuko taldeak bere musika onena ekarriko du oraingoan ere. Ondoren, euren betiko estiloari jarraituz, punk-rock bizi-bizia «ostia txarrarekin», garaje pieza gordinak, eta baita ere kutsu glam edo stonianoagoa duten kantak eskainiko dituzte Aterkings taldekoek. Bestalde, Nuevo Catecismo Catolico eta Señor No taldeen ildoa jarraitzen duen, eta estatu mailako punk rock banda esanguratsuenetakoa den Safety Pins taldeak, kutsu garajerodun punk eta rock & roll doinuak ekarriko ditu Markina-Xemeinera.
Kontzertua 22:30ean hasiko da. Sarrera 5 eurokoa izango da; Uhagoneko bazkideentzat, doan.

|