Aterkings taldeak orain arteko ildoari eutsi dio plazan jarri duen disko berrian: Aterqueens
Irune berro
Bilbo
Ez dugu ezer berririk egin, jada asmatuta dagoena gustatzen zaigu, rock&rolla. Plazan jarri berri duten diskoa aurretik beste batzuek asmatutakoaren kopia hutsa dela esan dute Aterkings taldeko musikariek. Iñigo Goikoetxea abeslariak argi eta garbi azaldu du: Ez dugu aitzindari izan nahi, ondo pasatzeko egiten dugu musika, eta rock-and-roll gehiago egin dugu. Gaztelupeko Hotsak disketxearekin atera dute bigarrena duten lana: Aterqueens. Lehena iaz atera zuten, Rock'n'Roll. 60ko hamarkadako garajea, punka eta rock-and-rolla uztartzen zituzten abestiak jaso zituzten disko horretan, eta oraintsu atera dutena lehen lan horren segida dela adierazi dute Bizkaiko taldeko kideek. Lehenengo diskoaren antz handia du bigarrenak; abesti berriak daude, letra eta doinu berriak, baina apenas dagoen aldaketarik, esan du Goikoetxeak. Alabaina, Joxe Felix Azkarate Xarra editorearen iritziz, bigarren lana helduagoa da, biribilagoa.
Amorotoko Musikorta estudioan grabatu dute Aterqueens, uztaila eta abuztua bitartean, Jose Lastra teknikariarekin. Eta kontent daude emaitzarekin. Lastrak lan bikaina egin duela diote. Aurreko diskoa harekin grabatu genuen, eta harreman polita egin genuen. Taldea hobeto ezagutzen du orain, gure soinua oso ondo menderatzen du, eta hori nabaritu da lan egiteko orduan.
KIKE TURMIXI ESKER ONEZ. Markina eta Elgoibarko musikariek osatzen dute Aterkings. 2000. urtean sortu zuten taldea, eta zuzenean erakusten duten jarrerak egin zituen ezagun. Sutsu aritzen dira, zirikatzaile, lotsa etxean utzita. Hala, beren zuzenekoa diskoa baino hobea dela esaten dute Aterkingsekoek. Goikoetxeak dena ematen duela diote, burua galtzen duela eta edozer egiteko gai izaten dela.
Taldea sortu zutenean ez zuten diskorik egiteko asmorik, ondo pasatzearren jotzen genuen, gogoan du Goikoetxeak. Baina maketa bat grabatu zuten, jarraitzaileek hala eskatuta. Eta Kike Turmix ezagutzeko parada izan zuten ondorioz. Hain zuzen, hari eskaini diote Aterqueens disko berria: Pleasure Fuckers-en Ripped to the tis abestiaren bertsioa egin dute haren omenez. Goikoetxeak esan duenez, Turmixi esker atera dituzte diskoak; izan ere, beraiek inondik sumatzen ez zuten sinesgarritasuna eman ziela uste dute Aterkingsekoek.
Beren musikak eragin ugari dituela azaldu dute, halaber. Little Richards, The Stooges, Radio Birdman, Flaming Sideburns, Sex Museum, Cynics, Chuck Berry, Ramones eta New York Dollsena, besteren artean. Hain zuzen, azken bi talde horiei keinu egin diete Aterqueens diskoko azaleko eta kontrazaleko irudietan.
Euskaraz abestu dute batez ere, baina ingelesezko eta gaztelaniazko abesti batzuk sartu dituzte diskoan. Eta rock-and-roll klasikoak ohikoak dituen gaiez kantatu dute. Esaterako, neskez abestu dute -neska gaiztoez, denbora alferrik galtzen ez dutenez-, eta alkoholaz, gauaz, etsaiez... Kolaborazio bakarra izan dute: Xabi SeñorNo taldeko gitarristak Bakarrik geratuko za eta Lau hormen artian abestietan jo du. Talde horrekin batera emango dute Aterqueens diskoaren lehen aurkezpen kontzertua Markinako Uhagon kultur etxean, abenduaren 30ean. Urtarriletik aurrera herririk herri ibiltzea espero dute, abestiak sortzea baino gehiago, kontzertuak ematea baita beren zaletasunik handiena. Turmixi esker Euskal Herritik kanpo jo dute orain arte, Madrilen eta Asturiasen batik bat, eta leku horietan berriro jotzeko asmoa agertu dute.
Ez dugu aitzindari izan nahi; ondo pasatzeko egiten dugu musika
Lehenengo diskoaren antz handia du bigarrenak: letra eta doinu berriak, baina apenas dagoen aldaketarik
iñigo goikoetxea
aterkings taldeko abeslaria
|