23/06/2008 - 17:06
KEMEN LERTXUNDI : poesia eta kantagintza
Kemen Lertxundi, Ondarroako poeta eta musikari gazteak argitaratzen duen lehen lana da Galdutako zubixak. Bi bideak elkar gurutzatu eta lotzen dira bertan. Testuen koadernoan kantuek eta poemek egilearen biografia sentimental moduko bat osatzen dute, giza harreman orotan aurkitzen ditugun sentimenduez hornitua.
Diskoan bi formatutan agertzen zaigu kantaria; batean, bakarka eta era akustikoan, kapaza da akorde gutxi batzuekin intentsitateaz betetzeko kantuak. Bestean, Ondarroako Garden rock progresiboko taldeko musikarien babesaz, indar melodiko handiko eta moldaketa klasikoez jantzitako pop-rock eremura eta errepideko rock amerikarrera jotzen dute kantuek. Disko-liburua merkeago eskuratzeko aukera daukazu
|
|
Kemen Lertxundik (Ondarroa, Bizkaia, 1979) solfeo eta klarinete ikasketak egin zituen eta gaur egun musika irakaslea da. Kantagintza eta poesia jorratu ditu, baina Galdutako zubixak da argitaratzen duen lehen lana. Bi bideak elkar gurutzatu eta lotzen dira bere lanean, non kantuek eta poemek egilearen biografia sentimental moduko bat osatzen duten, giza harreman orotan aurkitzen ditugun sentimenduez hornitua: beldurra, errua, damua, itxaropena, galera, bakardadea... Poesia norbere burua ezagutzeko armatzat hartzen du Kemenek, eta asmo horretara iristeko erabiltzen du. Kontzientzian jotako astinduak dira maiz bere poemak, iraganarekin zorrak kitatzeko eta zauriak sendatzeko modu bat, Gabriel Arestik idatzi zuen hura bere eginez (Poesia mailu bat da) eta esperientzia pertsonalaren eremura eramanez.
|