|
Eta atseden hartzen dakien herri gara. Norainoko bideak, nondikako urratsak, oinak zelan ditugu, berrikus ditzagun geure ametsak eta kantuak, berrikus ditzagun elkarren soinak eta errakuntzak. Ez da sekulan bide segurua izan herri honena, zalantzak kale orotan, malda orotan hazten dira tantai harro. Joan orduko itzul gaitezke, eta etxera orduko joan. Juanjo Olasagarrek 1991 hartatik horrela eginen digu gogoetarako tarte bat.
Nik egin nezake kantu
ilun bat
sol sostenidoz ezein arratsaldetan
zuhaitzak basoan lainoak ernetzen dituela
Nik esan nezake non galdu
zen azken aztarna, zeri segi
okasiorako moldatu moldeetan
Nik jo dezaket ekintzara
bizi bakartira apartatu esaterako
sentimenduen lurraldea bentzutu ondoren
Ni egon naiteke xor
artean negu gorriaren kabinatik
salbaziorako hots egiten didaten bitartean
Nik ahoska dezaket
jabal zaitez, konponduko da dena
eta estazioen anonimotasuna balakatu
Nik egin nezake malko
arratsaldea erreketan iragaiten beha
lasai lasai konponduko da dena
Baina zuk, zuk diozu
gure historiaren seme gara
berandu da
euri zara.
|