ibai maruri Berria 2007-07-17 Bilbo
Musika eta arte plastikoen fusionatzetik dator The Heckler taldearen bigarren diskoa. Hain zuzen, laukoteak egiten duen jazz berezi eta propioa eta Gustavo Zalamea pintore kolonbiarraren lana elkartuta sortu da Zalamea diskoa (Errabal)
Juan Pablo Balcazar taldeko buruari bere herkidearen obra bati begira zegoela iritsi omen zitzaion konposiziorako etorria. Lehen doinu haren atzetik etorri ziren diskoa osatzen duten gainontzekoak. Horrek azaltzen digu izenaren jatorria: Zalamea.
Bartzelonan egin zuten bat lau musikariek. Beraien interes eta ametsek ere bai. Han elkartu ziren, halabeharrez, Alejandro Mingot, Miguel Pintxo Villar iruindarra, Hasier Oleaga bilbotarra eta Balcazar bera; gitarrista, saxo jotzaile tenorra, bateria jotzailea eta kontrabaxu jotzailea, hurrenez hurren.
Taldearen lehen diskoak, Heckler City izenekoak, jazz berriarekin lotura zuzena zuen. Eragin nabaria izan zuen lan hartan Bartzelonan aurkitutako giro hiritarrak.
Zalamea lanean,ostera, jazz ikusgarriago batera egin dute jauzi. Horren erantzulea Juan Pablo Balcazar da. Gaur egungo jazz musikarien moldeetara egokitzen da. Haiek bezala, Ģmelodiaren hunkiberatasunaz eta egitura harmoniatsuen askatasunazģ kezkatzen da.
Jazz klasikoa, rock independentea eta abangoardiako inprobisazio musikaren iturrietatik edaten duen talde honi, ahots bakar gisa entzuten zaio. Musikari gazteak dira, Ģentzulearen gogokidetasuna bilatzen dutenak, fereka eta ironiak inolako arazorik gabe elkar ulertzen duten leku horretara eramango gaituztenak.ģ Halaxe aurkezten dute beren burua.
EUSKAL HERRIAN BARRENA. Gasteizko Jazzaldira gerturatu dira egunotan. Mendizorrotza kirolgunean egin zuen laukoteak diskoaren aurkezpena, atzo bertan.
Datorren astean Zarauzko Nazioarteko Jazz Mintegian parte hartuko dute, hilaren 23an eskainiko duten kontzertuarekin. Donostian ere egongo dira, 25ean, 26an eta 27an; azken kontzertua Jazzaldiaren barruan. Azkenik, beste hainbat herritatik pasatuko dira: Arrasate, Bergara, Plentzia eta Soraluzetik, esaterako.
Agenda potoloa inondik ere, The Heckler taldeaz gain musikarietako bakoitzak bere proiektu pertsonalak ere badituela kontutan hartuz gero.
|