EUSKARAZ · ESPAÑOL · FRANÇAIS · ENGLISH



ARTISTS

NEWS

CONCERTS

ENGAGEMENTS

RECORD LABEL

SHOP


Errabal (Jazz)

Blues

Literature

Paper Hotsak

Bosgarren haria

Ilargiak baleki

Bloody Hotsak

Subscribe to the bulletin


Hemeroteka
Eskailerapeko bluesa


Ostirala, 2008ko martxoak 14

PLAZA

Joserra Senperenak Harkaitz Canoren poemetan oinarrituriko diskoa kaleratu du

Gorka Erostarbe Berria Donostia

Hitzordu bat. Adibidez hemen orri zuri honetan. Zita baten zain derrigorrezkoak diren hitzetan pentsatuz, bakarrik. Harkaitz Canoren Abenduak 29 eta hotzak jota poema-k azal dezake Joserra Senperena musikari eta piano jotzaileari (Donostia, 1965) gertatua. Negua. Orain hiru urte. Pianoa jo eta bluesa egiteko irrika: «Eta horretarako denbora nuen». Zita baten zain. Musika sortzeko abiapuntuaren zain. Eta Canoren Dardaren interpretazioa poema liburua iritsi zitzaion eskuetara. Han zuen musikarako abiapuntua, sorkuntzarako heldulekua. Eta Dardaren interpretazioa diskoa da emaitza, Gaztelupeko Hotsak zigiluaren Errabal sailean kaleratua. Hitzetan oinarrituriko ahotsik gabeko lana.

Errazagoa egiten zait abiapuntu bat izatea. Bestela, arriskua dago estilo ariketa soil bat egiteko. Senperenaren hitzek ageri dute Canoren poemetan topaturiko babesa: Poema horietan hiriko jendearen bizimodua ageri da. Bizimodu gogorra sarri, eta ni erakartzen nau mundu horrek, donostiarra izan arren urbanoa bainaiz. Donostiarekiko ironia printzak.

Harkaitz Canok (Lasarte, Gipuzkoa, 1975) 2004an kaleraturiko liburuak 26 poema ditu. Poema bakoitzarekin musika pieza bana sortu zuen Senperenak. Horietatik erdiak hautatu zituen diskorako, «musika irizpideak erabiliz».

Jazz hezkuntza duen musikaria izanagatik, abestiak egin nahi izan ditu Senperenak: Abestiak dira, ez gehiago eta ez gutxiago. Ez dago interpretazio luzerik. Inoiz baino gehiago, doinuak eta isiltasunak izan dute garrantzia Senperenarentzat: «Monk [Thelonius] zalea naiz, eta harengandik ikasi dut musika sorkuntzan, bizitzan bezala, zein garrantzitsuak diren isiluneak. Isilunearen ostean jotako notak indar berezia hartzen du». Diskoan nabaria da isiltasunen eta doinuen arteko jolasa.

Jolas horiek sortzeko jazz hirukotearen formatua erabili du Senperenak: sortzailea bera pianoan, Pedro Barcelo baterian eta Miguel Rodrigañez kontrabaxuan.

MUSIKATIK POEMETARA ERE BAI. Hasiera batean, Canok nahi gabeko parte-hartzea izan zuen Senperenaren diskoan. Berak aurrez idatzitako poemek eman zuten hartara. Baina, behin diskoa grabaturik zenean, testu bat idazteko eskatu zion musikariak idazleari: «Nahi zuena idazteko eskatu nion». Canok Senperenak sorturiko musikara jo zuen inspirazio bila. Eta hiru poema berri idatzi hartan oinarriturik: «Kontrako bidea egin nuen. Joserrak sorturiko musikatik poemak sortu nituen». Aspaldian, poesia «gutxi» idazten du Canok eta Senperenari «zor» dio berriro poemak idaztea. Amaitu da garagardoen baltsa: paperezko ahozapiek ez dute edalontzi zikinen barruan arrosa zurien antzarik. Eszenatokia hutsik, aulkiak hutsik. Bihotza hutsik? Poema horietako baten hasiera, Trasteak jasotzeko ordua izenekoarena. Hiru poema berrietan musikariei eta haien munduari omenalditxoa. Kontrabaxujoleari gorazarre izenekoan, Charles Mingus musikari estatubatuarra (1922-1979) gogoan; Pianojole bat zubian izenekoan, John Cageri (1912-1992) buruzko aipamena. Ez da alferrik «gustura eta sintonian» sentitzen musikariekin Cano.

Eta musikariei oro har nahiz Senperenari zehazki dion miresmenetik diskoa definitzeko metafora: «Eskailerapeko ardoarekin alderatuko nuke lan honetako musika. Lehengo etxeetan eskailerapean gordeta egoten zen ardoaren moduan, berezia da musika hau. Eskailerapeko bluesa».

Rafa Berrio musikari donostiarraren eskutik, diskoko musikaren inguruko azalpena, aurkezpen orrian idatzia: «Blues hiritarretik asko du diskoak, baina Senperenaren beste zenbait obratan agertu izan den blues away oihartzunik ere ez da falta. Badira herri kutsua duten piezak, minimalismoaren muga-mugan dabiltzan pieza lasaiak, grafikoak, iruditeria bat iradokitzeko gaitasuna dutenak». Musika ezerekin alderatzekotan irudiekin alderatuko luke Senperenak berak: «Musika entzutean irudiak datozkit gogora».

GAUZA BERRIEKIKO «IRRIKA».Aurkezpenaren ondotik musikariarekin hitz egiteko aukera, lagun artetik aterata -Imanol eta Joni Ubeda musikariak, Ramon Agirre aktorea, Peter Ansorena txistularia, Harkaitz Cano bera-.

Naturak baino gehiago inspiratzen al zaitu hiriak musika sortzeko orduan?

Bluesa egiteko asmoa nuen, eta bluesa beti lotzen dut hirian gertatzen den biziarekin. Aizkorriko ardiei buruz hitz egin beharko banu, ez nuke bluesa egingo. Harkaitzek [Cano] gidoia eman dit blues hori egin ahal izateko.

Zer sentiarazi dizute poemek?

Hirian bizi den jendea egoki erretratatu du poema horietan, eta jende horren bizitza gogorra da, amildegi ertzean bizi da. Erakartzen nau bizimodu horrek. Gainera, Harkaitz eta biok sentsibilitate artistikoa partekatzen dugu, kultur erreferentzia komunak ditugu. Jean Michel Basquiat, Paul Klee, Tom Waits, Charles Mingus... aipatzen ditu bere poemetan.

Sarri lan egin izan duzu beste musikariekin. Lan hau, aldiz zure-zurea da. Osagarriak dira bi lan motak?

Ni lan honekin sentitzen naiz niago, inplikazio handiagoa baitago nire aldetik. Ardura ezberdinak dira beste musikariekin jardutea eta zeure musika sortzea. Baina osagarriak dira. Musika sortzea da gehien gustatzen zaidana, baina kolaborazioak ere oso interesgarriak dira.

Jazza egin zenuen garai batean, eta oraindik zure konposaketek jazz ukitua dutela diote. Nola bizi duzu zuk jazza?

Nik ez dut jazzik entzuten, eta ez dut jazza egiten. Egin nuen garai batean, baina ez orain. Denetik entzuten dut. Jazzaren instrumentazioa eta esentzia badago akaso, baina hizkuntza bluesa da, eta bitartekoak abestiak dira. Ez dago inprobisaziorik, ezta swingik ere, baina jendearentzat jazza izaten segitzen du... Edonola ere, generoen arteko mugak ez zaizkit batere interesatzen.

Bost disko dituzu plazan, eta ibilbide ondo oparoa. Ibilbideko zein unetan ikusten duzu zeure burua?

Gero eta gusturago nago musikarekin. Beti nago gauza berriak egiteko desiratzen. Dardaren interpretazioa zuzenean eskainiko dut aurten, eta bi filmetako musika egiten ari naiz.

Zuzenekoak prestaturik dituzue? Canok parte hartuko du zueneko horietan?

Oraindik ez dugu prestatu. Ekaina aldera hasi nahi genuke zuzenekoak ematen, eta hiruko formatuan egingo genuke. Musika baino ez da izango.

Isiluneek duten garrantzia ikasi dut. Isilunearen ondoren jotako notak indar berezia hartzen du

Joserra Senperena

Musikaria

engo etxeetako eskailerapean egoten zen ardoaren moduan, berezia da musika

HArkaitz CAno

Idazlea


JOSERRA SENPERENA





Concerts





Hemeroteka


ARTISTS
· 7 SÓIS 7 LUAS
· BELCEBLUES
· BIDE ERTZEAN
· BLUEDAYS
· CONXITA
· COOL CIRCUS
· ERRABAL JAZZ JAIALDIA
· EL DOGHOUSE
· ESNE BELTZA
· GABY JOGEIX
· GAINSBOURG GAINBEGIRATUZ
· HOTSAK DANTZAN
· JJBAND
· J.L.PARDO & THE MOJO WORKERS
· JERONIMO MARTIN TRIO
· JOSERRA SENPERENA
· JUAN DE DIEGO TRIO
· KANEVSKY
· KARELEAN
· KATAMALO
· KEMEN LERTXUNDI
· KOKEIN
· LOS CORONAS
· LOS REYES DEL K.O.
· MAMBA BEAT
· MARTA SANCHEZ TRIO
· MORAU
· OSTOLAZA ETA PUJANA
· PETTI
· ROGELIO BOTANZ
· SEÑOR NO
· SEXTY SEXERS
· SPECIAL 20
· SURFIN KAOS
· TAPIA ETA LETURIA
· TERELA GRADIN QUINTET
· THE BLIND LEMONS
· THUNDER EXPRESS
· TIGER! TIGER!
· TRES MIL HOMBRES
· TXUMA MURUGARREN
· UEK
· ...artista gehiago

Gaztelupeko Hotsak · Errabal, 23 · 20590 SORALUZE (Basque Country) · Tel.: +34 943 753 016
gaztelupeko@hotsak.com

EU ES FR


Webgune honek Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du