Los Reyes del KO, Ortophonk eta Wagon Cookin' ariko dira III. Debajazz jaialdian
MIKEL LIZARRALDE
Donostia
Apaltasunean eta hurbiltasunean oinarritzen den jaialdia da Debajazz. Orain dela bi urte jarri zuen abian jaialdia Gaztelupeko Hotsak disketxearen altzora sortutako Errabal zigiluak, negu partean eta udako jazz festibalen erakusleihotik kanpo jazz jarduerak ere izan zitezkeela sinetsita. Eta bi urte geroago horretan jarraitzen dute. Modu xumean hasi ginen eta jaialdiak aurrera egin du. Urtetik urtera egonkortu egin da, dio Ubane Uzin antolatzaileak.
Jaialdiak hasieratik izan duen izaera ibiltariari leial, aurten ere Deba bailarako bost herritan egingo da Debajazz jaialdia hilaren 20tik 28ra bitartean: Elgoibarren, Soraluzen, Mutrikun, Deban eta Elgetan. Azkeneko urteotan antolatutako kontzertuetan ikusi dugu herri bakoitzean zerk funtzionatzen duen hobeto, eta egitaraua ere horren arabera finkatzen joan gara, dio Joxe Felix Azkarate Xarra Gaztelupeko Hotsakeko arduradunak.
DOINU AKUSTIKO ETA ELEKTRONIKOAK. Debajazz izena izan arren, jaialdiak jazzaren esparru estilistikoa gainditzen du eta bere baitan musika beltzaren aldaera ugari biltzen ditu: bluesa, elektronika, jazz garaikidea...
Jaialdiari Los Reyes del KO taldeak emango dio hasiera hilaren 20an Elgoibarren. Blues musikatik abiatuta -zuzenean hainbat klasiko jotzen dituzte-, jazzera edota soulera jotzen du Marcos Coll ahosoinu jotzailearen eta Adrian Costa abeslari eta gitarristaren inguruan sortutako taldeak. Galizian hasi ziren elkarrekin jotzen 1992an , baina Alemanian aurkitu dute ondoren beren musika egiteko lekurik egokiena. Han grabatu dute Christian Rannenberg pianista kide duen musikari talde batekin Hot Tin Roof diskoa. Gaztelupeko Hotsakek kaleratuko du diskoa aurki.
Itxaso Gonzalez kantari bilbotarra Dani Perez gitarristarekin eta Gorka Benitez saxo jotzailearekin ariko da Soraluzen 21ean; eta hurrengo egunean, Jeronimo Martin pianista gazteak joko du bere hirukotearekin Mutrikun. Jeronimo Martinek XXI. mendeko jazza ordezkatzen du. Ez da batere estandarra. Laster diskoa kaleratuko du Errabal etxearen eskutik.
Terela Gradin kantari galiziarrak formatu akustikoko kontzertua eskainiko du hilaren 27an Deban. Gradinek jazzaren estandarrak moldatzen ditu -Ella Fitzgeraldenak edota Sarah Vaughanenak--, baina baita pop abestiak ere (Beatles, Sting), beti ere jazz ikuspegi batetik. Manuel Gutierrez pianistak lagunduta ariko da zuzenean.
Amaitzeko, hilaren 28an Ortophonk eta Wagon Cookin taldeek funkaren eta jazzaren alderdirik garaikideena aurkeztuko dute Elgetan. Bi taldeak disko berriak ari dira prestatzen.
Aurten ere talde berrien lehiaketa antolatu du Debajazzek. Hala ere, iaz ez bezala, aurten lehiaketa finkatzeko asmotan, jaialdiaren programaziotik kanpo uztea erabaki dute antolatzaileek, eta izen emate epea abenduaren 15era luzatu dute: www.hotsak.com/debajazz/oinarriak.
Debajazz jaialdia
Urriak 20: Los Reyes del KO. Elgoibarko Herriko Antzokian, 22:15ean.
Urriak 21: Itxaso Gonzalez Trio. Soraluzeko Liburutegiko Hall-ean, 22:30ean.
Urriak 22: Jeronimo Martin. Mutrikuko kultur etxean, 20:00etan.
Urriak 27: Terela Gradin eta Manuel Gutierrez. Debako Kasinoan, 22:30ean.
Urriak 28: Ortophonk eta Wagon Cookin'. Elgetako Espaloian, 22:30ean.
|