Miel Angel Elustondo
New Yorken izan zen martxoan Kirmen Uribe bere poemak irakurtzen, Elizabeth Macklinek gonbidaturik. Poeta ez zen bakarrik haratu, Mikel Urdangarin, Bingen Mendizabal, Rafa Rueda eta Mikel Valverde izan zituen lagun. Euskal Herrira itzuleran, Sagar Handian erakutsitakoa eskaini zuen sorterrian, «Zaharregia, txikiegia agian» emanaldiaren bidez. Urte bukaera orduko, izen bereko audio-liburua argitaratu du.
Poeta genuen lehen ere. “Bitartean heldu eskutik” lan finaren oihartzunak bizirik irauten du irakurle askoren baitan. Liburua ondu zuen lehenengo eta makina bat emanaldi egin ditu harrezkero herririk herri, Txomin anaiaren musikaz eta Josu Aranbarriren margolanaz lagundurik. Hari berean, musika, poesia eta pintura bildu ditu oraingo “Zaharregia, txikiegia agian” lanean. Eta poesia oinarri duen lan honekin batera, irakurlea ezustean harrapatu duen bestelako haur literatura liburua ere argitaratu du: “Garmendia eta Zaldun Beltza”.
Poeta jardun duzu ezagutzen zaitugunetik. Orain, berriz, haurrentzako lana kaleratu duzu…
Baina poeta naiz orain ere. Eta “Garmendia...”n bertan ere bistan da poesiaren itzala. Irakurri besterik ez dago. Lau poema ageri dira liburuan: poema bat tradizionala da; bestea, Emily Dickinsonena; beste biak, Txinako tradiziokoak. Gainera, hizkera poetikoa lantzen saiatu naiz eta, zenbait pasartetan, hizkera narratiboak baino pisu handiagoa du horrek. Poeta, beraz.
Hizkera poetikoa gorabehera, abentura liburua dugu...
Bai, abentura liburua da, baina ez Stevensonen edo Londonen estilokoa. Nik ez dut gizakia versus natura erako planteamendurik egiten. Nire lanean gizakia naturaren barruan ageri da, ez kanpoan. Garmendia ez da heroia, ez dut ibilbide epikorik kontatu nahi izan… Garmendiaren istorioak Rabelais-tik eta bidaia liburuetatik du, batez ere. Errealista da, baina Rabelais-ren moduan, edo Kixoteren moduan. Gainerakoan, umorea du, sarkasmoa eta absurdoa.
Garmendiaren berri osabak eman zizula diozu liburuaren sarreran, «Atsegin dut zaharrekin hitz egitea» diozu…
Juan Rulfori behin galdetu zioten zergatik ez zituen bi liburu besterik idatzi. Berak erantzun zuen osabaren istorioak gastatu zitzaizkiola eta ez zuela zer kontatu besterik. Nire kasuan, neurri batean, halaxe gertatu da. Askotan entzun ditut osabaren kontuak, osaba Boniren istorioak, eta baita aitarenak, amarenak, amamarenak ere… Ahozkotasunaren altxor hori jasotzea atsegin izan dut beti. Bada, osaba Bonik kontatzen zuen, txikitan, jolasean, Garmendia izeneko pistolari ondarrutarra zutela batetik, eta indiarrak bestetik. Aipamen horrek eskura jarri zidan pertsonaia, Garmendia, eta pertsonaia horren unibertsoa sortzea izan da nire lana. Unibertso hori sortu eta mugimenduan jartzea. Lan hori egin dut, Garmendia argitara da, eta bitxia gertatu da harrezkero. Osaba Boni gaixotu egin da eta, orain, haren alabak irakurtzen dizkio Garmendiaren abenturak. Irauli egin da mundua: lehen, osabak berak kontatzen zuen istorioa. Orain, alabak kontatzen dizkio, irakurtzen, istorio haiek berak. Bonifazio Laka, arrantzalea, horixe gure osaba.
Zaharrekin hitz egitea atsegin duzula diozu Garmendiaren sarrerakoan eta, “Zaharregia, txikiegia agian” en hitzaurrean ere jarrera bera duzu, W.H. Audenen aipua tarteko. Bidaia-kronikak bidaian aurkitutako jendearenak omen dira…
Dudarik gabe! Norberaren marea ez da ibai handira doan erreka txikia baino. Hori ez dugu idazleok inoiz ahaztu behar. Idazleak ez du hutsetik sortzen. Niri ez zait interesatzen hutsetik, ustez hutsetik, sortzen duen idazlea. Ahozkotasunetik datorren altxorra jaso beharra du idazleak, gero bere erara emateko. Azken boladan, ez gure literaturan bakarrik, baita kanpokoan ere, iruditzen zait arima falta dela liburuetan. Arima hori pertsonengan dago, eta pertsonek nola sailkatzen duten bizitza ahozkotasunak kontatzen du. Niri pertsonak interesatzen zaizkidanez, ahozko tradizio hori interesatzen zait. Gero, jakina, ahozko mundu hori teknikoki landu beharra daukat, idatziz ematekotan. Ez da beste biderik.
Ahozkotasunaz ari zara, baina idazle asko eta asko ari dira ahozkotasunetik aparte…
Bai, mundu horretatik urruntzeko nahia dago. Euskaldunon akatsetariko bat da. Beti beste literatura batzuetako idazleak bezain on garela erakutsi nahi. Ahozko literatura aberatsa dugu, baina zer egin dugu? Idatzizkoa egin behar dugula geure buruei agindu. Azken hogei urte honetako joera da: «Ahozkoa ez, idatzizkoa egin behar dugu!». Horretan tematu gara, bata bestearen kontrakoak balira bezala, eta ez da horrela. Gaur egun, atzerrian, biak lotzeko ahaleginak egiten ari dira. Adibide bi ematekotan, batetik, Max Sebald, alemaniarra. Horren lanak ahozkotasuna du oinarri, benetako pertsonaien historiak baliatzen ditu bere nobeletan. Beste adibidea, Dulce Chacón, oraindik orain hil dena; honek, Errepublika garaia bizi zuten emakumeen bizipenak bildu zituen. AEBetan ere ahaleginean ari dira ahozko historiak biltzen, eta berdin ari dira Alemanian eta bestetan: ahozko historiak jaso eta literaturara eramaten. Hemen, aldiz, idatzizkoa besterik ez dugu gogoan, ahozkoa bazter utzita bezala.
Lehentxo esan didazu idazleak ez duela hutsetik sortzen. Literatur sorkuntzari dagokionez, zein da zure tesia? Inspirazioa eta musak, ala lana?
Literatura ez da lana, besterik gabe. Lan eta lan eginez, idazketa txukuna lortuko duzu, gehienera, baina zure liburuetan diozuna jendeak bizi dezan nahi izanez gero, hori baino gehiago behar duzu. Zertan den hori? Lana baino areago, norberak mundua ikusteko modua da, mundu hori azaltzeko modua… Idazleak bere ikuspegia azaldu behar du liburuetan. Bestela ez dago ezer. Kanpoko idazleak kopiatzea ez da aski –hori ere egin beharra dago, literatura gehiena ofizioa da eta–, baina beste puntu hori ere behar da. Nork bere ikuspegia eskaintzea, alegia, inportantea da.
Hori da goi-arnasa, beraz…
Beharbada bai, lana ez ezik, besterik ere behar da…
“Zaharregia…” honetan zu zeuago, zeure burua “Bitartean heldu eskutik” en baino biluziago ageri dela irudi luke…
“Bitartean ...” min batetik sortu zen. Asmo teoriko garbia zegoen, garbiegia beharbada, hausnarketa teorikoa eta zenbait idazleren oihartzunak… Zuri-beltzezko argazkiak direla esango nuke. “Zaharregia…” honetan, ostera, argazkiak koloretakoak dira. Lasaiago nengoelako, beharbada, poz handiagoz bizi izan dudalako garai hau. Lan handia egin dut poemak lantzen, hamar bertsio ere egingo nizkion bakoitzari. Bestalde, urte hauetan egin dudan lanak eman didan ofizioa ere hor da… Zuzen behar nituen hitz egokiak aurkitzen asmatu dudala uste dut. Bertold Brechtek esaten zuen hitz arruntekin hunkitu behar dela jendea. Hori egiten saiatu naiz, hitz arruntenak bilatu eta horiekin idazten. Hala ere, horrek ez du esan nahi hizkuntzaren kezkarik ez duzunik, guztiz alderantziz baizik.
Perfekzioaz ari zara “Zaharregia…” eko poema batean. «Gauza perfektuek ikara sortzen didate. Ez ditut atsegin»...
Perfekzioa hotza da, inor ez da perfektua. Inperfekzioa gustatzen zait, umildadetik duelako. Babelgo dorrearen kontua bezala, Jainko izan nahi hori. Ez du balio, ezinezkoa da Jainkoaren pare izan nahia, Jainkoa, azken finean, ezinezko da, ez da ezer, gauza ez den bat da –Sarrionandiak esaten duen moduan–,
Kirmen Uribe poeta zen lehen poema liburua kaleratu aurretik ere. Egunkarietan egiten zituen kolaborazioak «poeta!, poeta!» ari ziren hoska. Gero, «Bitartean heldu eskutik» argitaratu eta poesiaren gela egurastu zuen. Liburu hura eskuan, emanaldiak egin ditu euskal herrietan eta erbestean. «Kanpora joateak asko laguntzen du. New Yorkera joan eta gure mundu txikia ezagutzeko gogoa duen jendea badagoela ikustea, munduan ez gaudela bakarrik… Hemen, izan ere, ematen du beti piztia beltza dugula gure gainean… Kanpora joan eta bestela da: guri entzuteko prest da jendea».
Poeta pozik da literatura entzuleari irakurtzen. Zenbaitetan, hala ere, aulkiari atxikiago beharko lukeela diote. «Idazleak oreka behar du. Bizi nahi du, baina etxean ere egon behar du. Idatzi behar du, eta pentsatu. Liburua egiteko pentsatu eta birpentsatu egin behar da, idatzi eta berridatzi baino lehen. Ni, berriz, asko nabil kanpoan, poesia irakurtzen eta errezitaldiak egiten. Idazteko, diziplina behar da, eta horretan ere ikasten ari naiz».
Aurten, bestalde, hizpide izan da Kirmen Uriberen belaunaldia. Atxagarenetik Uriberenera egin omen da jauzi. «Nik esango nuke gu arriskatu egin garela. Hainbat lagunek erabaki du idaztetik bizitzea, eta hori urrats handia da. Esan da Atxaga eta gure artean belaunaldi oso bat galdu dela baina ez nioke kontu horri garrantzirik emango. Aldiz, azpimarratuko nuke idazle bat 40 urte bete eta gero hasten dela lanik onena egiten eta, hortaz, gure belaunaldiak hogei urte barru emango dituela alerik onenak. Bitartean, nork bere bidea egin behar du eta liburu onak idatzi, inportanteena ez dira eta idazleak, liburuak baizik,
|